'Ez dok ero', igandean Gezalan
Tartean Teatroa konpainiak umorez betetako antzezlana Gezalara ekarriko du, igandeko 20:00etan. Ostiralean, haurrentzako ikuskizuna.
Gezala Auditoriumaren gozotasunera biltzeko aukera gehiago izango dira asteburuan. Izan ere, bai ostiralerako (haurrentzat) zein iganderako (publiko ororentzat) antzerki emanaldiak daude programatuta Lezoko kultur aretoan.
Igandean Tartean Teatro konpainiak Ez dok ero lana ekarriko du herrira 20:00etan. Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak eramango dute oholtzan obraren ardura. 8 euroan eros daitezke sarrerak udalaren sarreren salmenta sistemaren bitartez.
Honakoa dio obraren sinopsiak: “Mikelote eta Pantxo bikote artistikoa desegin da. Haien formula komikoa gastatua zegoen eta belaunaldi berriek haien tokia okupatu dute. Pantxok ondo hartu du behartutako erretiroa, baina Mikelotek ez du bukaera onartu nahi. Egun batean Mikelote Pantxoren bila joango da Euskal Herrian barna joateko, herriz herri antzeztera, ‘Euskal antzerkiak behar gaitu’ uste inozoarekin. Ibilbide fantastiko bat egingo dute Mikeloteren imaginazioak sorturiko pertsonaia harrigarriekin, hamaika abentura ero biziz”.
HITZAk antzerki honetarako bi sarrera jarri ditu harpidedunen txokoan.
Ostiralean, berriz, haurrentzako antzerkia (17:15ean, 3 euro) Gezalan. Kataluniako El Que Ma Queda Teatre taldeak Tempus antzezlana ekarriko du herrira, haurrentzat.