Lan eskaintza publikoa atzeratzeko eskatuko dute udal langileek
Elkarretaratzea deitu du Pasaiako Langileen Batzordeak datorren ostegunerako udal gobernuari LEPak atzera ditzan eskatzeko, "aldundiaren ildo beretik".
Elkarretaratzea deitu du Pasaiako Langileen Batzordeak etzirako (osteguna), PSE-EE eta EAJ taldeek osatutako udal gobernuari LEPak (lan eskaintza publikoa) atzera ditzan eskatzeko. Trintxerpeko azokaren aurrealdean elkartuko dira, ostegunean, 12:00etan.
Azken hilotan egindakoaren ildo beretik, ez diote etsiko udalean behin-behineko egoeran dauden langileek: denbora behar dute. Eskakizunaren arrazoia argia da: Legez, abenduaren 31n, 2017 eta 2018ko LEPak iraungiko dira, eta horrekin, plaza galduko lukete deialdi horietan kontratatutako funtzionarioek.
Gipuzkoako Foru Aldundiak dagoeneko erabaki du aurreikusita zituen hautaketa-prozesuak abenduan ez deitzea, eta prozesu horiek lege aldaketa onartu ondoren egitea, araudi berrira egokituz [iaz sententzia bat egon zen Europako Justizia Auzitegian zeinak aitortu zuen administrazioan behin-behinekotasunaren abusu bat dagoela].
Bide horri eusteko, udal langileek gobernu taldeari eskatu diote aldundiaren erabaki bera har dezan. Alegia, hautaketa prozesuak geldiaraztea bitartekoei buruzko lege dekretua Kongresuan onartu arte, “hainbeste urtetan administrazioari eutsi dioten profesionalak” babesteko.