Bi ez da lauren erdia
Espainiako Hezkuntza Dekretu proposamen berriak aldaketak dakartza, filosofiaren kalterako. Berririk ez. Hasieran, bazirudien alde batetik kendutako orduak beste alde batetik irabaziko zituela; Maitane Nerekan Umarani irakurri nion Berria-n pasa den astean, alde batetik kendu egingo zaizkiola eta beste aldetik ere bai: DBHn ikasturte bakarrean izango dute ikasleek Balio Etikoak ikasgaia (orain arte lauretan), astean ordubetez; batxilergoan, 1. mailan eta 2.ean, bina orduz (orain arte: hiru derrigorrezko, eta lau LOMCEz geroztik hautazko). Beraz, batxilergorik egiten ez duten ikasleek ikasturte batez izango dute balio etikoen inguruan hausnartzeko eta trebatzeko aukera; batxilergoa egiten dutenek astean bi ordu emango dizkiote ezagutzaz, errealitateaz, pentsamenduaren historiaz, arteaz, politikaz, egiaz edota justiziaz pentsatzeari. Gezurra. Astean bi orduk ez dute aukerarik ematen horretaz guztiaz hausnartzeko. Egingo dituzte malabarista eta funanbulista lanak Filosofia irakasleek, Biologia eta Ingelesa, eta Fisika eta Matematikako orduen artean, pentsatzeak eskatzen duen patxada lortzeko, ikasleek egiten ari direnaren inguruko perspektiba hartzeko, bizi dugun gizartearen gaineko abstrakzioa egiteko. Ordu kopurua gutxitzeak, kantitatea ez ezik, kalitatea ere murrizten du. Bi ez da lauren erdia.
Beraz, batxilergoa bukatu ondoren, jarraituko dute ikasleek beren ibilbide akademikoa: batzuk ekingo diote Mekanizazioa ikasteari; beste batzuek hasiko dituzte irakasle ikasketak; beste askok Ingeniaritza Mekaniko, edo Elektriko, edo Industria Kimikokoak; besteren batzuek Medikuntza; Basoa eta Natura-ingurunea kudeatzea; Zuzenbidea; Administrazio kudeaketa; despistaturen batek Filosofia. Eta beteko zaigu herria eta mundua mekanikari, irakasle, epaile, basozain eta ingeniari abilez (a, ia ahaztu ditut ekintzaileak), jarraituko dutenak, teknika eta zehaztasun sinesgaitzez, bizi garen sistemaren engranajeak eta mekanismoak doitzen (zer da sistema?); segiko dutenak herritar otzan, manipulagarri eta dogmatikoak hezten (nork esan du kritiko?); buru-belarri jardungo direnak, aurrerabidearen mesedetan, ikerketak eta teknologiak garatzen (nora da aurrera?).
Eta, aldian-aldian, kezkaz edo asperduraz entzungo dituzte klimaren inguruko goi bileretan adituek esandakoak; harriduraz, Azaroaren 25eko iceberg, tratu txar eta heriotzen inguruko datu hotzak; ulergaitz, gureaz bestelako ikuspegia duen lagunaren argudioak (geneetan erretorika gaitasun berezkoa dakartenen kasuan) edo oihuak; mespretxuz, Martxoaren 8ko feminista erradikal horien protestak; buruarekin baietz-baietz eginez, biolentziaren kontrako adierazpenak; hunkiduraz, errefuxiatuen kanpamenduen edo Mediterraneo itsasoan hiltzen direnen inguruko erreportajeak.
Aurrekariak ikusita Eusko Jaurlaritzak nekez hobetuko duen Espainiako Hezkuntza Dekretu berriak aldaketak dakartza, gizakiaren eta gizartearen kalterako.