Iraultza lasaia Sanpedrotarra Arraun Elkartean
Kirol klubaren zuzendaritza batzordean aldaketa nabarmena izan da bazkideen azken asanblada orokorrean hartutako erabakien arabera. Xabier Isasa izango da aurrerantzean moreen presidente.
Belaunaldi aldaketa Sanpedrotarra Arraun Elkartean. Hilaren 14an egin zuten bazkideen batzar orokorrean hartu zuten kirol klubaren gidaritzan aldaketa egiteko erabakia: Antxon Korman, Jose- txo Aranburu edo Jose Migel Oiarbidek, esaterako, taldeari —eta Euskal Herriko arraunari oro har— hainbeste eman eta gero, erabaki dute albora urratsa ematea. Haien partez zuzendaritzako goi postuetan jende berria arduratuko da moreen bidea zaindu eta diseinatzeaz, horien buru Xabier Isasa dela, presidente berria. Iraultza San Pedron, baina lasaia, adostasunaren bidetik. Ez bakarrik, ordea, lehorreko postuetan; Libia ontziaren entrenatzaile Asier Carballeda izango da 2022an Mikel Arostegiren partez, eta lemazaina Ander Iriarte.
Gogoz hartu du presidente kargua Xabier Isasak. Nabarmendu du kluba zuzentzeko bidean ikuspegi aldaketa eman daitekeela iritsi berri direnekin, eta zehaztu du jada 3-4 urte zeramatzatela gidari berriak klubaren zuzendaritzan, hau da, klubaren barrenak ezagutzen dituztela. Klubaren goi karguetara iritsi berri dira, baina badakite zertan eta non eragin behar duten.
Uztailean esan zieten gidari beteranoek ardura postuak uzteko asmoa zutela, eta Isasak eta bere ondokoek erronka bere egin, eta arraun elkarte historikoaren gidaritza eramateko prest agertu ziren. «Erabaki genuen aurrera egitea eta gure lehen zeregina izango da klubak martxan jarraitzeko baliabideak jartzea, eta aldi berean jendea erakartzea», adierazi du Isasak.
Osasuntsu, baina aurrera begira
Kluba barrenetik ezagutzen du Isasak. Osasunez ondo dagoela adierazi du: «Kirol arloan arraunlariak baditugu,
staff teknikoa oso ondo egituratua dago, eta Libia osatzeko arazorik ez dugu izango. B trainerua ateratzea zailago ikusten dut. Horrez gain, azpiko kategorietan 36 arraunlari ditugu. Justuago gabiltza arlo ekonomikoan, ordea. Gure ardura izango da finantzazio bide berriak jorratzea, eta epe motz nahiz ertainera begira kluba ekonomikoki egonkortzea. Gastu estrarik ez dugu egingo, kluba saneatua nahi dugu».
Arlo ekonomikoan askoz hobera egingo balute, Isasak irmo adierazi du ez direla «abenturetan» sartuko, hau da, ez dute fitxaketen dinamiketan sartu nahi: «Dirua izan arren ez gara fitxaketetan eta horrelakoen sartuko. Ez dugu kluba hipotekatu nahi, beste arraun elkarteren batean gertatu den moduan. Oso garbi dugu azpiko lana dela inportanteena klubari egonkortasuna emateko. Hortik abiatuz iritsiko garen tokira iritsiko gara. Arraunlari denek dituzte ateak zabalik hemen, izan gazteak edo seniorrak. Eraiki nahi dugu, hori da gure ustez bidea, eraikitzen jarraitzea».