[Galeria] Merezitako aitortza jaso dute: Oarsoarrak Euskararen Saria
Ostiral arratsaldean jaso zituzten 2021eko Oarsoarrak Euskaren Sariak Pello Jauregik eta Labore Oarsok, Niessen Kulturgunean.
Ostiralean eman zieten Oarsoarrak Euskararen Saria Pello Jauregi Etxaniz euskararen ikertzaile eta irakasleari, eta Labore Oarsori. Errenteria-Oreretako Niessen aretoan egin zen ekitaldia, eta sarituez gain, beste hainbat osagai izan zituzten aurrean bertan izan zirenek: Txlly eta Lausoren rapa, Barrexerkaren umorezko pasarteak, Maren Galvez eta Gorka Granadoren dantzaldia, hizketaldiak… Ekitaldi jantzi eta ederra izan zen. Naroa Iturrik eta Arrate Hernandezek gidatu zuten.
Oarsoarrak sarien hamargarren ekitaldia izan da aurtengoa. Hitzaldien tartea Ion Pombar Lezoko Udaleko Euskara zinegotziak hasi zuen; Oarsoaldeko udal guztietako Euskara arduradunak izan ziren ekitaldian, eta denen izenean hitz egin zuen hark. Pombarrek nabarmendu zuen euskarari ikusgarritasuna emateko lanean Jauregik eta Laborek egindako lana, normalizazioa ardatz hartuta. “Euskaran eragin positiboa izan dute, eta saria horren errekonozimendua da”. Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari Garbiñe Mendizabalek ere hartu zuen bere tartea hitz egiteko. Jauregik azken hamarkadetan euskararen erabilera bultzatzeko egindakoa eskertu egin zuen, eta Laboreren zeregina goraipatu, “bertako produktuak, bertako ekoizleekin, bertako hizkuntzan. Gure txikitasunetik badugu zer erakutsi munduari”.
Sari emate saioak izan ziren ondoren. Kike Amonarriz arduratu zen Jauregiri saria emateaz. Noski, ez zuen mikrofonoaren aurrean solasaldia egiteko tartea galdu. Aipatu zuen irakasle eta ikertzaile antxotarra estimatu eta miresten duela, konprometitua, nekaezina, eskuzabala eta lanean egoskorra delako, eta “mesfidati askori aurre egin” dielako. Ausarta dela esan zuen, oztopoak gaindituz, euskarari bide berriak zabaldu dizkiolako: “Euskaldun unibertsala da. Pellok egindakoa munduko beste hizkuntza gutxituentzako eredugarria da. Egindakoagatik ez, nik uste egiteko duenagatik saritu duela Pello”.
Jauregik, txantxetan, esan zuen iaz aldundiak emandako Abbadia Sarian, hura donostiarra zela esan zutela. “Antxotarra naiz. Hemengoa naiz. Nik uste horregatik eman didatela Oarsoaldeko saria, donostiarra ez naizela ziurtatzeko”. Hizketaldi serioan, Jauregik adierazi zuen hark egindakoa pilatu dituen esperientzia guztien ondorio dela, ikasitako guztia ordenatu, antolatu, eta metodo baten bitartez jendartera zabaltzeko aukera izan duela. Eskerrak eman zizkien bidelagun izan dituen guztiei.
Labore Oarsoko kideei Oarsoarrak Euskararen Saria Nere Mujikak eman zien, 2019an saritua hura. Haien hitz tartean, Laborekoek azaldu zuten era naturalean erabiltzen dutela euskara bertan, eta garatzen ari diren lan ildo guztien hizkuntza euskara dela, “aukera ez hausnartua izan da. Naturala”.