Gizonezko bat atxilotu dute Trintxerpen indarkeria matxista egotzita
Ostiral gauean atxilotu zuten. Udaltzaingoaren arabera, emakumeak bere burua etxebizitzako gela batean giltzapetu behar izan zuen, adingabeko batekin.
Pasaiako Udaltzaingoak gizonezko bat atxilotu zuen joan den ostiral gauean, 22:00ak aldera, Trintxerpen, indarkeria matxista egotzita.
Agenteek adierazi dutenaren arabera, segurtasunagatik etxebizitzako gela batean bere burua giltzapetu behar izan zuen emakume batek telefonoz deitu zien. Gizonezko bikotekideak “bultzatu, umiliarazi eta iraindu” egin zuela adierazi zuen biktimak, eta erasoekin jarraituko zuenaren beldur zelako eskatu zuen laguntza.
Udaltzaingoak etxera bertaratzean jakin zuten emakumeak adingabeko bat zuela, halaber, haren babespean. Ertzaintzako agenteekin batera, indarkeria matxista delitua leporatuta eraman zuten atxilo erasotzailea. Epailearen esku utzi dute kasua agenteek.
Pasaiako Udaltzainburuak gogora ekarri nahi izan du biktima izan diren, edota edonolako arriskuan egon liratekeen emakume guztiek eskura dutela 016 doako telefonoa. Urteko 365 egunetan dago erabilgarri, egunean 24 orduz, eta ez du arrastorik uzten fakturan.