"Komikiaren kultura elikatzera" dator laugarren Hitzen Lihoa
Laugarren honek komikigintza izango du ardatz, antolatzaileen arabera loraldi betean baita Euskal Herrian komikigintza. Gaiari ertz ezberdinetatik begiratzen dioten proposamenak biltzen saiatu dira.
Badator beste urte batez Hitzen Lihoa, laugarren edizio honetan ere «literaturaren, musikaren, antzerkiaren, bertsolaritzaren, arte plastikoen eta kulturaren hariei korapilo zaharrak begiratzeko eta berriak katramilatzera».
Laugarren honek komikigintza izango du ardatz, antolatzaileen arabera loraldi betean baita Euskal Herrian komikigintza. Hala, gaiari ertz ezberdinetatik begiratzen dioten proposamenak biltzen saiatu dira, «komikigintza herritarrei gerturatzeko eta komikiaren kultura elikatzeko».
Gaiari zabaletik begiratzeko animazioaren munduari ere tokia egin diote edizio honetan, Animadeba nazioarteko zinema jaialdiari herrian geltoki bat eskainiz.
Egitaraua
Hilaren 9an (osteguna) ekingo diote aurtengoari, Tupust! ZU komiki antologiaren aurkezpena eta erakusketarekin. Arizmendienean egingo dute, 18:30etik aurrera.
Hilaren 10ean aldiz (ostirala da), Sugarren mende mintzaldi ilustratua jasoko du udaletxeko pleno aretoak, 19:00etatik aurrera. Aurretik, 18:00etan, Manuel Lekuona bibliotekan DBH 3-4 eta Batxilergoko lehen mailako gazteentzako komiki tailerra egingo dute.
Larunbatean (hilak 11) goizean zehar haurrentzako komiki tailerra eskainiko du Iñaki Martiarena Mattinek, 09:30ean hasita. Arratsaldean aldiz, 19:00etan, Nazioarteko animaziozko film laburren jaialdiaren barruko proiekzioak egingo dituzte.
Astea amaitzeko Mikel Antzaren Arroz urez liburuaren irakurraldi publikoa proposatu dute, 11:00etatik aurrera Kontzejupean.
Eta aurtengo edizioa amaitzeko, hilaren 18an (larunbata) Tupust! Zu komiki erakusketaren bisita gidatua eskainiko du Eider Bergaretxek, 11:30ean.
Antolatzaileen arabera, gaur da irakurketa jarraituan izena emateko azken eguna eta DBHko gazteentzako komiki tailerreko izen ematea irekita egongo da aforoa bete arte (20 lagun gehienez). Bi kasuetan, hitzenlihoa@gmail.com helbidera idatzi beharko da.