[Erreportajea] Behin-behineko lanpostuak egonkortzeko, denbora behar
Pasaiako Udaleko plantillako langileen erdia baino gehiago behin-behineko kontratuekin ari da lanean; batzuk, hamarkadak daramatzate horrela. Euren lanpostuak egonkortzeko eskaera argia egin diote udal gobernuari.
Iragan astearte arratseko 18:00ak jo berri ziren Arizabalo jauregiko pleno aretoan ohiko udalbatzarrari hasiera eman zionean Izaskun Gomez alkateak. Haren ahotsa baino ozenago, ordea, izan ziren udaletxearen kanpoaldetik zetozen oihuak: «Langileak egonkortu! Gure eskubideak bermatu!».
Hitz berriak ez, ez udalburuarentzat, ez eta mahaiaren inguruan eserita zeuden hamasei zinegotzientzat ere. Aretoko leihoak itxi zituzten orduan, saioarekin segitzeko asmoz.
Maiatzera atzera egin behar da aldarri horien zergatia ulertzeko. Orduan aurkeztu zuen Pasaiako Udaleko Langile Batzordeak iraupen luzeko bitarteko enplegatu publikoak egonkortzeari buruzko mozioa udaletxean. EH Bildu eta Ahal Dugu-Podemosek aldeko bozka eman zuten arren, eskaera bertan behera gelditu zen udal gobernuak (EAJ eta PSE-EEk) kontra egin izanagatik.
Aitor Oteiza Langile Batzordeko presidenteak egoera zein den azaldu du: udaleko langileen plantilla 178 bat lagunek osatzen dute; artean, ia erdia behin-behineko kontratua duten langileak dira. «Baina horiez aparte, gainera, beste 40 bat langile daude, plantillan egon ez, baina udaleko bitarteko lanetan ari direnak», zehaztu du.
Langile horien postuak «arriskuan» daudela salatu du Oteizak, izan ere, Pasaiako Udalak LEPa (lan eskaintza publikoa) irekiko balu gaur egun legeak zehazten dituen baldintzetan, «urte luzez» Pasaiari arreta publikoa eskaini izan diotenek lanpostua egonkortzeko aukera gutxiago izango lukete.
Zifretan
Zioaren muntaz ohartarazteko datuak eman ditu bozeramaileak: LEPak eragindako 50etik gora langile dira 5 urte baino gehiago daramatenak behin-behineko kontratuekin lanean. Are: langile konkretu batek 30 urte daramatza bitartekotasun horretan.
Bide-garbitzaile guztiak, 15 langile, bitartekotasun egoeran daude, eta brigadakoen gehiena ere bai.
Udaltzaingoa salbuetsita, ez da udalean hautaketa prozesu librerik egin funtzionario postuetarako 2007tik. Hori dela eta, argi utzi du Oteizak behin-behinean dauden langileek luzaroan ez dutela aukerarik izan plaza horiek betetzeko hautetsiak izateko.
Egoera hori Espainiako Gobernuak, erkidegoek eta udalek ezarritako mugengatik sortu da. Behin-behineko kontratazio formulak ugaritu egin dira administrazioan, Pasaiako kasua artean, apenas egin baita lan eskaintza publikorik.
Kasu, administrazioek ezartzen dute funtzionarioak erretiratu ondoren hutsik gelditutako zenbat eta zein plaza bete behar diren, eta asko konkurtsora atera gabe geratu dira artean.
Lege berriaren zain
Egoera hori izanik, 2020ko martxoaren 19an sententzia bat egon zen Europako Justizia Auzitegian, zeinak aitortu zuen administrazioan behin-behinekotasunaren abusu bat dagoela, eta, hori oinarri, lege berri bat bozkatuko dute aurki Espainiako Gobernuan gehiegizkotasun horren aurrean neurriak ezartzeko.
Oteizak aitortu du ez dakiela, zehaztasun osoz, araudi hori onartzeak zer suposatuko lukeen eragindakoentzat, baina argi duena da kondizio berri horien gainean LEPak deitzea «askoz onuragarriagoa» litzakeela udaleko behin-behineko langileentzat. Funtsean, lege horrek «puntuazio handiagoa» aitortuko liekeelako soldatapekoei egunera arte pilaturiko esperientziagatik.
Hori horrela, udal gobernuari enegarren aldiz galdegin zioten astearte arratsean, udal eraikinetik kanpo orduan, lan eskaintza publikorako deialdia atzera dezan, behintzat, araudi berria onartu arte, «egungo udal langileen eskubideen berme» gisa.
Horiek ere, oposizio arruntak egin ez bazituzten ere, ia denek lan-poltsetarako hautaketa prozesu «gogor eta zorrotzak» pasa behar izan zituztela gogora ekarri du Oteizak: teorikoa, praktikoa, elkarrizketa eta test psikologikoa. «Hori gaindituta ere, funtzionario bihurtzeko aukera eman ez zietenez, urteak daramatzate behin-behinean».
Itxarotea, alde guztientzat mesedegarri izango dela sinetsita agertu da antxotarra: «Aurten lau aldiz aldatu dugu jada Giza Baliabideetako teknikaria, eta horrek, besteak beste, zerbitzuaren okertzea dakar pasaitarrentzat».
Lanpostuen atzean dauden langileei buruz ere mintzatu da: «50 urterekin [25 bat dira adin hori edo gehiagoko eragindakoak] ez duzu ikasketak bukatu berri dituen gazte batek adina ahalmen oposizioak prestatzeko».