[Erreportajea] Betikoa euskaraz, gertukoagoa delako
Pasaiako Udalak, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bidez eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, ‘Betikoa gertukoa’ kanpaina abiarazi du, euskaraz kontsumitzeak duen balioa aintzatesteko. Tokiko lau merkatarik euren testigantza eman dute.
«Jarri betikoa!», esaldia zenbatetan aditu ohi dugu, egunez egun, tokian tokiko saltokietara hurbiltzen garenean? Goizeroko kafea, eguerdiroko ogia, eguneroko egunkaria, asteroko esnea, negueroko galtzerdiak…
Hain zuzen, eta konfiantzazko eskari hori izanik abiaburu, bertako establezimenduetan euskaraz kontsumitzeak duen balioa aintzatesteko kanpaina abiarazi du Pasaiako Udalak, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bidez eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz lelopean.
Tokiko produktuen kontsumoa euskaraz egin dadin sustatzea xede duen kanpainak badu eskarmentua. Lehen ekitaldia 2020ko bukaeran egin zuten, proba pilotu gisara, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hiriburuetan nahiz Oarsoaldeko lau udalerrietan. Orduko lanaren jarraipena izan nahi du aurtengoak, hiru herrialdeetako udal, euskara zerbitzu, merkataritza elkarte, eta orotariko eragileen ahaleginak batuz, oraingoan.
Pasaiako arduradunen testigantzak
Elkarlanean abiaraziriko egitasmoaren bidez, merkatari eta ostalari nahiz bezero euskaldunak aktibatu nahi dira, premisa garbi batean oinarrituta: euskara egunerokoan erabiltzeak konfiantzazko harremanak sortzen ditu. Uste horrekin sinetsita agertu dira Pasaiako establezimenduen jabeak.
Trintxerpeko Santamaria arrandegiko arduradun Maitena Yarzabalek establezimenduaren gidaritza hartu zuenetik «euskaldunak euskaraz» aritzen dira berean. Arrainketariak uste du egunerokotasunean bizilagunek gustura kontsumi dezaten funtsezkoa dela baldintza hori.
Bestelakoa den sektore baten gainean mintzatu da Raquel Dominguez. Haren izena daraman Antxoko farmaziaren enkargatua da bera, eta nahiz eta bertan eskaintzen den arreta anitz desberdina den arrandegikoarekiko, bat egin du Yarzabalekin euskara konfiantzarekin lotu duenean. «Pazienteek segurtasuna ematen dien leku bat bilatzen dute», aitortu du, «eta beren ama hizkuntza erabiltzen badugu errazagoa da hori lortzea».
Agustin Isasak paper denda bat du San Pedron; egunez egun bezeroekin aurrez aurre aritzeak argi erakutsi dio hari «denok», merkatari nahiz bezero, «irabazle» suertatzen direla, euskaraz aritu nahi eta dendan hartarako aukera dutela ohartzen direnean. Are: «Garrantzitsua, normala eta beharrezkoa da».
Bide beretik doa Donibaneko Ontziola jatetxeko fundatzaile Itsaso Mendibilen esperientzia. Hiru jatetxe izan ditu hark gaur arte, eta horietan, bere etxean bezala, hasiera-hasieratik aho betean jarri izan du lehen hitza beti euskaraz egiteko baldintza. Salouen [Katalunia] lanean ari zenean ere, zerbitzari euskaldunekin lan egiten ahalegintzen zen. «Gertutasun» kontua dela uste du.
Honakoak dira haien hitzak:
Maitena Yarzabal. Santamaria arrandegia, Trintxerpe: «Oso seguru dakit tokiko establezimenduetan euskaraz aritzeak gertukotasuna eta konfiantza sortzen dituela. Nahiz eta ia 60 urtez arrandegia irekita egon, azkeneko 10 urteetan, nirekin dagoenetik, euskaraz hitz egiten dugu euskaldunok. Badakite euskaraz egin dezaketela eta gustura aritzen gara, horrek eragin handia du egunerokotasunean, konfiantza handitzen baita sentitzen dugun bezala hitz egiten dugulako».
Agustin Isasa. Isasa paper denda, San Pedro: «Euskara ama hizkuntza dut, eta atera egiten zait hala aritzea. Uste dut, gainera, euskaraz hitz egitea onuragarria dela establezimenduarentzat. Azken finean, bezeroak gustura baldin badaude dendan hitz egiten, nik uste dut denok irabazten dugula. Bezero batentzat denda batera sartu eta bere ama hizkuntzan aritzea dendariarekin garrantzitsua, normala eta beharrezkoa da. Garrantzitsua da euskaraz arreta eskaintzea».
Raquel Dominguez. Raquel Dominguez farmazia, Antxo: «Konfiantza kontua da. Bezero batzuk erosoago sentitzen dira euskaraz hitz egiten dutenean. Normalean gertukoekin euskaraz mintzatzen dira, eta nahiago dute gurekin ere egitea. Guretzat garrantzitsua da giro atsegina sortzea. Pazienteek segurtasuna ematen dien leku bat bilatzen dute, eta beren ama hizkuntza erabiltzen badugu errazagoa da hori lortzea. Farmazian sartzen direnak beti Kaixo edo Egun on batekin agurtzen ditugu».
Itsaso Mendibil. Ontziola jatetxea, Donibane: «Izan ditudan hiru jatetxeetan lehen hitza beti egin dut euskaraz. Are gehiago: nik Salouen [Katalunia] jatetxe bat eduki nuen hamar urtez, eta hemengo zerbitzariak eramaten nituen bezeroekin euskaraz hitz egiteko. Niretzako oso garrantzitsua da. Hemen [Ontziolan] lehen hizkuntza beti euskara dugu, menutik fakturara arte. Jendeari gertutasun puntu bat ematen diogu. Etxean euskaraz egiten dudan bezala, hemen berdin».