"Euskara bidelagun ez ezik, tresna eraginkor bilakatzeko aukera paregabea dugu"
Euskararen Egunaren harira adierazpen instituzionala egin du udalbatzak. Euskara eremu formal eta informaletan naturaltasunez erabiltzeko deia egin du euskarak jauzia egi dezan: "Hiztunen konpromisoa eta instituzioen ahalegina ezinbesteko dira".
Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur, eta askotan esan ohi izan den moduan euskarak 365 egun baditu ere, ezin uka abenduaren 3a badela, aldarrirako bada ere, euskal hiztunentzat. Errenteriako Udalak, egunaren harira eta herriko hainbat eragilerekin elkarlanean egitarau oparoa eta anitza antolatu du, eta atzo bertan elkarlanean ondutako egitarau horren barruan, irakurketa jarrai egin zuten 46 lagunek Lekuona Fabrika. 46 ahots batu ziren Eider Rodriguez idazle errenteriarraren Bihotz handiegia liburuaren hitzei ahotsa jartzeko, eta horretarako, udal euskaltegiko eta Xenpelar AEKko ikasle eta irakasleak, udal langileak, eta ordezkari politikoak ere bildu ziren Lekuonara.
Ahots firmez, ahots goxoz, ahots dardartiz, baxuago edo ozenago leituko zuten… hamaika ahots, bakoitza bere ezaugarriekin, baina guztiak euskaraz.
Rodriguezen eleberriak dituen sei ipuinetatik lau irakurri zituzten.
Irakurketa amaituta, udalbatzako kideek udal adierazpena egin zuten gaurko egunari begira. Erabilera eremu berri ez formaletan ere, euskaraz arnas berri lemapean, komunikazio eta jarduera eremu berrietan ere, naturaltasun osoz dagokion tokia hartzea duela euskarak erronka esan dute adierazpen horretan. Ezinbestekoa jo dute eremu formaletatik ez formaletara —aisialdia,kultura,kirola…—igarotzea naturaltasun osoz egitea, naturaltasun osoz egitea, finean euskaraz bizitzeko hautua, “euskararen erabilerak jauzi bat egiteak errotik aldatuko luke hiztun askorengan, bereziki gazteengan, euskararekiko bizipena”.
Bide horretan, hiztunen konpromisoa dela gakoa esan dute, baina baita instituzioen ahalegina ere, “bitartekoak jarriz eta eredugarri jokatuz, normaltasun berri baterako bide hastapen honetan berreskuratzen zein asmatzen ari garen eta asmatuko ditugun harreman eta erabilera eremu berrietarako euskara bidelagun ez ezik, lanabes eraginkor bilakatzeko”.
Bide horretan hainbat konpromiso hartu ditu Errenteriako Udalak, ondokoak:
-
Euskararen ikaskuntza unibertsalizatzeko dirulaguntza-eskaintzan urratsak ematen jarraitzeko konpromisoa hartzen du, egoera sozioekonomikoa eta jatorria ez daitezen euskara ikasteko oztopo izan.
-
Errenteriako euskararen plan estrategiko berria 2022an onartzeko konpromisoa hartzen du.
-
Herriko hizkuntza komunitate ezberdinen errealitatean oinarrituta, bizikidetza linguistikoa garatuko duen lan-ildo bat abiatzeko konpromisoa hartzen du.
-
Herrira etorri berriak diren ikasleei euskara errefortzurako eskolak eskaintzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du, ikastetxeekin lankidetzan.
-
Badalab hizkuntza berrikuntzarako laborategiko kide izanik, bere jarduna sustatzeko konpromisoa hartzen du.
-
Euskarazko toki-komunikabideen jasangarritasun ekonomikoa eta egonkortasuna bermatzeko, diru laguntza zuzenak hitzartzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du.
-
Euskalgintzaren ekimen sozialarekin elkarlanean jarduten jarraitzeko konpromisoa hartzen du.