San Tomasik ez Lezon, eta neurriekin, Gabonetako bestelako egitaraua aurrera
Jai Batzordean hitz egindakoen harira hartu du udalak San Tomas jaia bertan behera uzteko erabakia. Euskal Liburu eta Disko Azoka, hilaren 17tik 24ra.
COVID-19aren eraginagatik hilaren 19an egitekoak ziren San Tomas Eguneko ekitaldiak bertan behera uztea erabaki du Lezoko Udalak, aste honetan egin den jai batzordean esandakoak kontuan hartuta. “Segurtasun distantzia neurriak zaintzea zaila izanik, egoera honetan jende pilaketak saihestu nahi izan dira”.
Dena dela, Gabonei begirako beste hainbat jarduera egitekoak dira herrian. “Aurrera bai, baina osasun neurriak bermatuz”, esan du udalak. Horri begira, Herri Eskolako patioan egingo dituzte Gabonetan jende pilaketa gehien izan ditzaketen hainbat ekitaldi: hilaren 23ko Olentzero eta Mari Domingi; hilaren 25eko opari banaketa; eta urtarrilaren 5eko Erregeen jarduera.
Edonola ere, Eusko Jaurlaritzak argitara ditzakeen dekretuek edo ezar ditzakeen neurriek aldaketak eragin ditzakete egitarauan. Honakoak dira Gabonetako egitarauaren barruko ekitaldiak:
Hilaren 9an
- 18:30ean, Gezalan, Zeta-Zeta dantza saioen hirugarren saioa.
Hilaren 11n.
- 16:00etan. Musika Eskolan, ganbera musika emanaldia.
- 16:30ean, Gezalan, Zinema Ttikiaren saioa Boonie Beers lanarekin.
Hilaren 12an
- 20:00etan, Gezalan, musika eta poesia errezitaldia Andoni Salamero, Pello Ramirez eta Aitor Mendiluzerekin.
Hilaren 15ean
- 18:15ean, Andreone Udal Liburutegian, euskarazko literatura taldearen bilkura Esnearen kolorekoa (Nell Leyshon egilearena. Itzulpena: Irene Aldasoro) lanaz hitz egiteko.
Hilaren 17tik 24ra
- 11:00-13:00 eta 17:00-19:00 ordutegiarekin, Euskal Liburu eta Disko Azoka. Euskal literaturako lanak erosteko deskontu bonuak emango ditu udalak: buzoietan jasoko dituzte lezoarrek. 20 euroko erosketa egiteagatik, 6ko deskontua izango dute bonuen jabeek. Liburu eta disko azokan balia daitezke horiek.
Hilaren 18an
- 12:30ean, Aiton Bordatik, kantu jira.
- 12:30ean, Koldobike Gezala pilotalekuan, Gabonetako kontzertua.
Hilaren 19an
- 20:00etan, Gezalan, Los hermanos Machado antzerkia.
Hilaren 20an
- 17:00etan, Musika Eskolan, eskolako ikasleen Gabonetako audizioa.
Hilaren 22an
- 19:00etan, Gezalan, Musika Eskolako ikasleen Gabonetako audizioa.
Hilaren 23an
- 19:00etan, Gurutze Santuaren basilikan, Gabonetako kontzertua Sutargi eta Aiton Borda koruekin.
Hilaren 24an
- 12:00etan, Herri Eskolako patiotik, Hator hator kantatzera jarduera.
- 16:30ean, Aiton Bordatik hasita, Aiton Borda abesbatzaren eta musika eskolako trikitilari taldearen kalejira.
Hilaren 25ean
- 11:30etik 12:00etara, Herri Eskolako patioan, Olentzero eta Mari Domingiren opari banaketa.
Hilaren 31n
- 11:00etan, Gurutze Santuaren plazan, haurren San Silbestrea.
- 18:30ean, Musika Eskolatik, Urtezahar Gauerko koplak.
Urtarrilaren 5ean
- 12:00etan, Bekoerrota kiroldegian, Pirritx, Porrotx eta Marimotos pailazoen Kuikui ikuskizuna. Sarreren salmenta hilaren 15ean abiatuko dute, LABIk hartuko dituen erabakietara itxaron nahi delako.
- 19:00etan, Herri Eskolako patioan, Erregeen desfilea.