Euskara eta tokikoari, bultzada
Liburua Opari kanpaina jarri du martxan udalak aurten ere; %20ko beherapena jasoko dute txartelarekin euskarazko liburuak tokiko saltokietan erosten dituztenak.
Irakurzaletasuna eta euskarazko literaturari bultzada emateko asmoz Liburua Opari kanpaina jarri du martxan udalak aurten, berriro. Euskara eta tokiko liburu dendetan erostea sustatuko ditu txartel iniziatiba beraren bidez, izan ere, txartelak eskaintzen duen %20ko beherapena euskarazko liburuak herriko liburu dendetan erosterakoan izango baita erabilgarri.
Txartelak Udal Hizkuntza Politika Departamentuan eskuratu ahalko dira, Merkatuzarreko lehenengo solairuan, datorren ostegunetik hilaren 20ra arte, biak barne, 09:00etatik 14:00etara.
Erosketarako, berriz, urtarrilaren 5a arte erabili ahalko dira.
Urtero bezala, aurten ere banaketa berezia egin dute herriko Lehen Hezkuntzako sei ikastetxeetan irakurzaletasuna eta euskarazko produkzioa sustatzeko.