Iazko hutsunearen ondoren, bueltan da Pasai Antxoko Gabonetako Krosa
Aurten bai, Antxoko kaleak lasterkariz beteko dira hilaren 17an. Dortsalak dagoeneko eskura daitezke, 10 euroren truke.
Pandemiak iazko edizioa bertan behera utzi zuen arren, aurten bai Pasai Antxoko Gabonetako Krosak barrutiko kaleak hartuko ditu hilaren 17an (ostirala), Antxotarrak Lasterkari Taldearen Antxoko Jai Batzordearen eta udalaren arteko elkarlanari esker. Dagoeneko hamaikagarren edizio honetan izena emateko epea zabaldu dutela jakinarazi dute antolatzaileek, webgune honetan egin beharko dira. Dortsalak 10 euroko prezioa izango du.
Hilaren 16a (osteguna) izango da online bidez apuntatzeko azken eguna, baina lasterketaren egunean ere izena emateko aukera izango da. Dortsalak Azoka eraikinean antolatutako gunean jaso beharko dira, 17:30etik 18:30era.
Aurtengoak ere 6,3 kilometroko ibilbidea izango du, azken urteotako zirkuitua mantentzea erabaki dute antolatzaileek.
Orotara hamaika sari banatuko dituzte: lehen hiru emakume eta gizonentzako bana, gizon eta emakume beteranoentzat (40 urtetik gorakoak) eta lehen bi pasaitarrentzat. Eta mozorro onenarekin parte hartzen duen lagunak ere sari berezia jasoko duela aurreratu dute.
Pasaia zein Oarsoaldeko korrikalari guztiak animatu dituzte lasterketan parte hartzera, “hainbeste maite dugunaz eta Antxon sortzen den giroaz gozatzera”.