Odola ematera deitu dituzte oiartzuarrak asteartean
Egungo osasun egoeragatik datozen odol erauzketak liburutegian egingo dituzte, asteartekoa barne, eta bertaratzeko aurretik izena eman beharko da.
Datorren asteartean (hilak 14), Oiartzungo odol emaileek hitzordu bat izango dute, odola ematera deitu baitituzte ohitura duten herritarrak. Egungo osasun egoera dela eta, datozen odol erauzketak liburutegian egingo dituzte, asteartekoa barne, eta bertaratzeko aurretik izena eman beharko dela aurreratu dute.
Arratsaldez egingo dituzte odol emateak, 16:30ean hasita eta 20:10an amaituta.
Azken asteotako kutsatuen gorakada kontuan hartuta, jende pilaketak ekiditeko premia nabarmendu dute, horregatik 943 00 78 85 telefono zenbakira deituta hitzordua hartu beharko dute herritarrek. Asteartean bertan egin beharko dira izen emateak, 9:o0etatik aurrera.
Oraingo deialdi honetarako ere emaile berriak behar dituztela nabarmendu dute. Horregatik herritar orori luzatu diote emaile egiteko gonbita.
Urriko odol emate saioan, orotara 36 lagunek parte hartu zuten, horietatik bik estreinakoz eman zuten.