COVID-19aren goranzko joerak etenik ez du
Tasek gora egin dute Oarsoaldeko herrietan Lezon izan ezik, azken horretan, apur bat egin du behera. Aurreko asteko epe berean baino 22 positibo gehiago zenbatu dituzte astelehenetik asteazkenera.
COVID-19ak azken asteetan hartutako goranzko joerak ez du etenik; kutsatzeek gora egin dute, eta ondorioz, baita tasek ere. Oarsoaldeko herrietan nabarmen egin dute gora azken horiek, Lezoren kasuan izan ezik. Udalerri horretan, zertxobait egin du behera kutsatze tasak. Hala ere positiboen kontaketak goranzko norabidean jarraitzen du azken hiru egunetako datuei erreparatuta; 191 positibo zenbatu dituzte astelehenetik asteazkenera Oarsoaldeko lau udalerrietan, aurreko asteko epea berean 161 izan ziren, 22 gehiago beraz aste honetan.
Positiboen kopururik altuena, populatuena den herria izanik logikoa, Errenteria-Oreretan. Hiru egunetan 110 positibo hauteman dituzte. Pasaia da bigarrena zerrenda horretan, 41 positiborekin, Oiartzunen 28 zenbatu dituzte eta hamabi Lezon.
Lau herriak gorri, eta Errenteria-Oreretaren kasuan tasari erreparatuta, 1.000ko langa pasata. Beste hirurak, langa horretatik gertu oso.
Jarraian, Oarsoaldeko lau herrietako tasa eguneratuak, eta astelehenetik asteazkenera izan diren kutsatzeak.
- Errenteria-Orereta. Tasa: 1.110.12 (joan den asteko asteazkenean 729koa zen). Positiboak (astelehena-asteartea-asteazkena): 35-57-18 (110 guztira).
- Pasaia. Tasa: 962,80 (joan den asteko asteazkenean 705ekoa zen). Positiboak (astelehena-asteartea-asteazkena): 8-18-15 (41 guztira).
- Oiartzun. Tasa: 935,48 (joan den asteko asteazkenean 453 ekoa zen). Positiboak (astelehena-asteartea-asteazkena): 7-11-10 (28 guztira).
- Lezo. Tasa: 904,06 (joan den asteko asteazkenean 953koa zen). Positiboak (astelehena-asteartea-asteazkena): 2-4-6 (12 guztira).