Aner Peritz Manterolarentzat izan da Xenpelar Sariketa
Saio osoko bertso onenaren saria Joanes Illarregi Marzolentzat izan da. Leitzarrak, ilusio hitzari bederatziko txikian kantatutako bertsoarengatik eskuratu du Arkaitza tabernak ematen duen saria.
Atzo arratsaldean jokatu zen Xenpelar Bertso Sariketaren kanporaketa. Txapela, Aner Peritz Manterola zarauztarrak jantzi du. Jaones Illarregi Marzol leitzarra bigarren sailkatu zen sariketan eta lehenengo biekiko puntu diferentzia handiarekin sailkatu ziren gainontzeko laurak honako ordenean: Unai Mendiburu Valor, Maddi Aiestaran Iparragirre, Irati Alcantarilla Urdanpilleta, eta Ekhiñe Zapiain Arlegi.
Saio osoko bertso onenaren saria Illarregirentzat izan zen. Leitzarrak, ilusio hitzari bederatziko txikian kantatutako bertsoarengatik eskuratu zuen Arkaitza tabernak ematen duen saria.
Iñigo Legorburu epaimahaikide izan zen atzoko final horretan. Hiru orduko saioa izan zen atzokoa, “zorrotza” Legorbururen hitzetan. Saioa gorabeheratsua izan zela, baina sei bertsolariek utzi zutela “ale ederren” bat aitortu du. Guztiek hamabost bertso puntuagarri egin behar izan zituzten. Bigarren zatian jo zuen goia saioak, buruz burukoan. Bertan aritu ziren Peritz eta Illarregi. Buruz burukoa ere, “zorrotza” izan zela esan du Legorburuk: “Bi lan izan zituzten bi bertsolariek. Lehena, Aizak hi mutil mainontzi Xenpelarren doinuan kantatu beharreko ofizio bat, eta kartzelako gaia ondoren”.
Kartzelako gaian puntu mordoa poltsikoratu zituen Peritzek, Ela gaixotasunaren gainean egindako hiru bertsoekin.
Saioak une hunkigarriak izan zituen. Horietako bat Joxe Luix eta Ibon Zabala aita semei egindako omenaldia izan zen. Biak ala biak, ezinbesteko izan ziren Xenpelar Bertso Eskolaren ibilbidean eta hala nabarmendu du Legorburuk: ” Joxe Luix bertso eskolaren sortzaile izan zen 1984. urtean, eta Ibon, berriz, bertso irakaslea, bertsozalea, eta bertso aktibista izan zen”. Edurne Zabala, Joxe Luixen alaba eta Ibonen arrebak eskertu egin zuen aita eta anaiari egindako aitortza. Irabazleari, berak jarri zion txapela atzoko finalean.
Sailkapena
- Aner Peritz Manterola: 418,5 puntu
- Joanes Illarregi Marzol: 406 puntu
- Unai Mendiburu Valor: 273,5 puntu
- Maddi Aiestaran Iparragirre: 269,5 puntu
- Irati Alcantarilla Urdanpilleta: 266,5 puntu
- Ekhiñe Zapiain Arlegi: 264,5 puntu