Alfredo Sanjuanek irabazi du 2022 urteko egutegiko argazki lehiaketa
'Fuente nocturna' izeneko argazkiak Gabonetako bola erraldoi baten barrenetik ateratakoa dirudi. Udalaren arabera, lehiaketak oso harrera ona izan du.
Lezoko Udalak 2022ko urteko egutegia osatzeko lehiaketa jarri zuen martxan, herriko txoko kuttunenak jasotzera dei egin zelarik. Bada, 130 argazki baino gehiagoren artean, Alfredo Sanjuanen Fuente nocturna argazkiak irabazi du lehen saria. Gabonetako bola erraldoi baten barnetik ateratakoa dela dirudi. Hartara, 2022ko egutegiko azaleko argazkia berea izateaz gain, 200 euroko saria jasoko du Sanjuanek; herriko komertzioetan erosketak egiteko.
Udalaren arabera, lehiaketak oso harrera ona eduki du, eta orotariko argazkiak jaso omen dituzte: Lezo elurtuta, herriko jaietako argazkiak edo egunsentiak, besteak beste. Irabazleaz gain, gainontzeko 12 finalisten argazkiek osatuko dute egutegia hilabetez hilabete; zozketa abenduaren 20an egingo da.
Sarituaren eta finalisten argazkiak ikusi nahi izanez gero, egin klik hemen.