[Elkarrizketa] «Musikarekiko lotura profesionalizatzeak alde on eta txarrak ditu»
Nøgen taldeko abeslaria da Saez (Lazkao, 1998) 2018az geroztik. Musikaren munduak agertokiaren bestaldean ezkutatzen duenaz mintzatu da: «Hainbatetan gogorra ere izan daiteke».
2020ko azaroan atera zenuten Under Alt diskoa eta bira egiten ari zarete ordutik. Geldiuneetako bat Donibane izango duzue, bihar (19:00), Donibaneko Jai Batzordearen eskutik. Lehen aldia du Nøgenek udalerrian. [Emanaldia atzeratu egin dute; horren berri izan aurretikoa da elkarrizketa hau].
Hala da, eta, egia esan, oso gogotsu gaude; leku berri batean lehen aldiz jotzeak badu bere xarma eta irrikaz gaude Pasaiako publikoa nolakoa den ezagutzeko.
Aipatu izan duzu, pandemia tarteko, «gorabeheratsua» izan dela kontzertuen bidea. Bira geroratu beharrean, ordea, aurrera egitea erabaki zenuten.
Birusarekin kultur jarduerak aurrera eramatea konplikatu zaigu denoi, baina guztiaren gainetik pandemian diskoa kaleratzea eta kontzertuak ematen jarraitzea erabaki genuen, egoera honetan kultura beharrezkoa dela sinisten dugulako, eta baita kontzertu baten atzean dagoen lan guztia geratzeak sektoreko langileentzat dakarren egoera ekiditeko.
Azkenean, gure emanaldi baten atzean jende asko dago lanean, teknikariak, managerrak… eta, gu musikaz bizi ez garen arren, haiek bai.
Aurrera egitea erabaki genuen gure lantaldea babesteko eta gure musikaren bidez jendearengana iristeko, une zailenetan guk musikara jotzen dugulako, hura delako gure arnasbide.
Kontzertuak emateko modua guztiz birplanteatzea ekarri du birusak.
Kulturaren sektorea, beste hainbat bezala, oso kaltetua izan da. Kontzertuak eman ahal izan ditugu eta oso eskertuta gaude, baina egoeraren ziurgabetasunak hasieran urduri jartzen gintuen.
Orain, denboran luzatu denez, badakigu nahiz eta kontzertuak lotuta egon, bertan behera geratzeko aukera hori badagoela, eta hobe daramagu. Dena den, kontzertuak oso desberdinak dira eserita eta musukoarekin; hotzagoak, agian.
Asko eskertzen da publikoa soinua egiten saiatzen denean eta, aulkian bada ere, dantzan ikusten ditugunean. Horrek esaten digu egiten ari garena iristen zaiela. Ea noiz itzultzen diren betiko kontzertuak! Esperientzia osoagoa da horrela, zalantzarik gabe.
Birako azken lau kontzertuetako bat da biharkoa. Zein sentsazio dituzu?
Atzera begira, oso eskertuta gaude pandemia garaian kontzertuak ematen jarraitzeko aukera izan dugulako. Desberdinak izan dira, bai, baina izandako harrera zoragarria izan da eta publikoaren inplikazioa ere bai.
Garai zailak diren arren, kontzertuetan denok elkartzen gara puntu berean eta beste guztiak berdin du. Guztiok dugu helburu bakarra: denbora batez guztiaz ahaztea eta disfrutatzea. Eta hori lortu dugula uste dut.
Nola hartu zenuen musikaren bidea?
2018an hasi nintzen Nøgenen, aurreko abeslariak taldea utzi zuenean. Lehendik ere hainbat taldetan ibilitakoa nintzen, aurreko abeslariak bere egoera azaldu zidan, eta taldearen parte izateko gonbidapena luzatu… eta gaur arte.
Eta zertan bilakatu da gaur egun?
Taldean sartzean musikarekiko nuen lotura hori nolabait ‘profesionalizatu’ zen, zalantzarik gabe, eta horrek alde on eta txarrak ditu. Musikaren industriak nola funtzionatzen duen barrutik ikusteko aukera eman dit, baina horrek ere presio asko dakar bere barruan.
Hau guztia etengabeko ikaste prozesu bat da, eta egun eta gau gainditu behar duzu zure burua bertan mantendu ahal izateko. Hori ona da, baina hainbatetan gogorra ere izan daiteke.