[Erreportajea] Oinarrizko den (h)ura bermatzeko
Saneamendu sare berria «berehala» nahi dute, baina oinarrizko bermeekin. Etorkizunari buruz erabakitzeko mintzoa goratu dute: «Badirudi existitzen ez garela, baina gero argazki guztietan agertzen gara».
«Zuk orain esaiozu edonori, telelanean ari garen honetan, zuntz optikoa 2030ean izango duela; eta hori, izaten baldin badu, kasurik onenean! Eta gasa, sekula ere ez. Ez dakit zein herri mota nahi duten sanjuandarrontzat…».
Bistakoa da Pasai Donibaneko alde zaharreko bizilagunen kezka saneamenduaren obrekiko, eta are agerikoago bihurtu nahi izan dute ezinegona, 642 sinadura bildu eta udaletxean aurkeztu dituztelarik, euren «oinarrizko beharren» berme izango den soluzioa galdegiteko.
Donibaneko Saneamendu Osotasunaren Aldeko herri batzarraren (SOAB aurrerantzean) bozeramailetza hartu dute kalteturiko lau bizilagunek HITZA-n egoeraren berri emateko: Tessa Ezkurra, Ritxi Lasa, Oihane Oronoz eta Justo Erimiasek aho betean adierazi dute etorkizunean ere habitagarria izango den San Juan batengatik borrokan jarraituko dutela, haien herritik ez baitute alde egin nahi: «Guk hemen bizi nahi dugu, ez dugu beste nonbaitera alde egin nahi oinarrizko zerbitzuak bertan aseta izateko; hau gure herria da eta hemen gelditu nahi dugu».
Haiek hala eskatuta, ondorengo lerroetan ez da zehaztuko izen-abizenik adierazpenen ondotik; SOABaren izenean mintzatu dira laurak. Zioan tokitzeko: gaurdaino, Donibaneko alde zaharreko bizilagunen (1.200 bat lagun) hondakin urak badiara isuri izan dira, euri urekin nahasita, eta inongo tratamendurik gabe. Are argiago: pixa, kaka eta, funtsean, etxebizitzetako ubideetan bera doan guztia, itsasoratu egiten da. Saneamendu sare hori 2005eko berdina da.
Iraganean ur beltz horiek jasotzeko diseinatu izan diren planak ez dira urri, baina badirudi, ordea, bat ere ez zela «egingarria», Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako zuzendari tekniko Felipe Alvarez Rodriguezen hitzetan. Hitzez harago, baita ekintzetan ere. Izan ere, proiektuetako bat bera ere ez baita egikaritu egunera arte.
Aurretiko horiek deuseztatzeko hainbat arrazoi eman dituzte departamentu hartako arduradunek. Planteamendu horietan ez zen «behar bezain beste» zehazten nola emango zitzaien erantzuna barrutiaren egiturak berezko dituen «zailtasunei», besteak beste: inguruaren ondare-balioa, turismoa, oinezkoen mugikortasuna, kaleen espazio murritza, edota eraikinen «ezegonkortasuna».
Saneamenduari loturiko diru funtsa urrituz joan dela salatu dute
Hori horrela iritzita, 2020ko otsailean, egoera konpontzeko «azken alternatiba» aztertzeko ikerlan bat abiarazi zuen aldundiak, eta proposamen hori 2021eko urriaren 14ean jarri zuten jendaurrean, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Aspaldian urperatuta zeuden bizilagunen ahotsak azaleratu ziren orduan; ez zeuden ados.
Sinpleki, soluzioak honakoa proposatzen du: Bonantza eremuko puntetarako bidean dauden arkuetatik Bizkaia plazara heldu bitarte, barrutia zeharkatuz, bidean dauden «isuri irisgarriak» jasoko dituen saneamendu sarea ezartzea. Funtsezkoa da, aurreproiektuak berak hala zehazten duen irisgarri terminoan fokua jartzea. Izan ere, sare berriak ez baititu bizilagun guztien isuriak jasoko, 40 etxe ingururen urak bildu gabe geratuko dira, «irisgarritasun zailtasunengatik».
Horrez gain, udal arduradunek luzaroan egin izandako agintza bat barne hartu gabe gelditu da azken proposamenean: saneamendurako lanak probestuz, gas zerbitzua lurpetik alde zaharrera helaraztekoa. Alvarezek azaldu zuen kaleen espazioa eskasa dela, oso, eta ezingo litzakeela zerbitzu hori bide horretatik behintzat etxebizitzetara iritsarazi.
Bi horiek (kanpo gelditzen diren etxeak eta gasa) dira, hain zuzen, SOABek udaletxean erregistraturiko kexetako bi, baina badira gehiago: obrak ahalik eta eperik motzenean gauzatzea nahi dute, eta sare berrira egokitzeko egin beharreko jarduketa partikularrek bizilagunentzako gainkosturik ez dezan suposa.
Aurrekoak, alferrik?
Bizilagunak kezka emanda agertu dira aurretik aurkeztu izan zaizkien proiektu horiek ezerezean geratzearekiko: «Orain arteko proiektu eta estudioak gauzagarriak ez direla diote. Oso larria da hori. Hainbeste plan ez badira egingarriak, eska diezaiotela erantzukizuna dagokionari eta diru hori itzuli, herriarena baita».
Bi hamarkada egin dute atzera. «2009an dagoeneko eginda zegoen proiektu bat aurkeztu ziguten», ekarri du batek gogora, «bazirudien urte horren bukaerarako eginda egongo zela obra, eta, bat-batean, desagertu egin zen». Plan horrek zuntz optikoa eta gasa alde zaharrera eramatea barne hartzen zuen, saneamendu sare berria ezartzearekin batera, eta sanjuandarrek uste dute hori litzakeela «ideala». Ezerezean zergatik gelditu zen ez dakite, baina garestiegia izango ote zen utzi dute airean.
2018an, beste proiektu bat. Orduko horrek ere lurpeko zerbitzu biak barnebiltzen zituen, eta orduan bai, egungoan bezala, zehazten zen 40 bat etxebizitzen komunetako ura ezingo zela jaso. «Hori bai», iruzkindu dute, «behintzat, plan horrek prest uzten zituen etxe horien sistemak aurrerago egokitu ahal izateko». Horrez gain, plan hartan obrak alderantziz zeuden planteatuta, Bizkaia plazatik Bonantzarantz, alegia, eta orain ere hala izan dadin nahi dute bizilagunek: «Horrela, behintzat, sarea egiten doazen heinean erabiltzen doaz lehen bizilagunak [Bizkaian baitago lotura]».
Denboraren poderioan saneamenduari zuzenduriko diru funtsa urrituz joan dela salatu dute, 2018tik hona 2 milioi euro inguru egin baitu behera kopuruak [azken aurreproiekturako aurrekontua 4,6 milioi eurokoa da]. «Oso harrigarria egiten zait. Non gelditu da diru hori?».
«Bizilagunen bizkarrean»
Inbertsiorako diru publiko horrek kezkatzen ditu, baina bereziki axolatzen dituen gastua alde zaharreko hainbat bizilagunek euren gain hartu beharko dutena da. Aurreplanean zehazten denaren arabera, 38 fatxadetako hodiek euri urak eta hondakin urak nahasten dituzte; alegia, euriaren isurketak teilatutik behera tutu bertikalen bidez jasotzen dituzte, baina tutu horiek, aldi berean, pisuetatik irteten diren beste hodi horizontalekin daude lotuta [ikus alboko argazkia].
Dokumentuan jasotzen diren zifren atzean jendea dagoela errepikatu dute
Kasu horietan, bi ur motak bereizteko hodi-bide berriak eraiki beharko dira, eta lanek fatxada partikularrei eragiten dietenez, titularrek euren gain hartu beharko dituzte ordainketak. Orotara aurrekontutik kanpo dauden 153.000 euro inguruko gainkostua izango dute jarduketa horiek, 360 eurotik 15.500era doalarik norbanakoek asumitu beharrekoa.
Izaskun Gomez alkateak hala adierazita, Pasaiako Udala laguntza lerroak abiaraztea hausnartzen ari da «karga horiek arintzeko», baina SOAB irmo agertu da gai horrekin: «Etxebizitza horiek halako egiturekin eraiki ziren beste aukerarik ez zutelako, ez zuten non isuri!».
Halako hoditeriak sortzea jabeen hautu pertsonala izan ez zela nabarmendu dute, eta, hortaz, bidegabekotzat jo dute, «oso», orain haiek bilakatzea obren erantzule ekonomiko. «Saneamendu sarea aldatzen badute, soluzio integrala eman behar da, kontu hori publikoki asumituz. Zuzenean ordaindu ezin bada, diru laguntza osoak eman».
«Ezin dutena da saneamendua bizilagunon bizkar egin». Alderdi ekonomikoa ez ezik, sanjuandarren bizi kalitatea ere hartu dute ahotan. Izan ere, uste dute «sarritan» bertan bizi direnak bigarren mailako biztanletzat jotzen dituztela administrazioek, turisten atzetik.
Lotura zuzena du pentsamendu horrek aurreproiektuaren oinarriarekin, erabaki delako lanen epeak ia bost urtez luzatzea, [obrak 2022ko irailean hasiko balira, 2026ko maiatzean bukatuko lirateke, aurreikuspenen arabera], Donibaneko «bizitza soziala» babesteko helburuarekin.
Ulerkor agertu dira bisitariak tokiko komertzioentzat diren sostenguarekin; obrek eragindako kalteak arintzeko diru laguntzak emateko proposamena jarri dute mahai gainean, hala, lanak urtean zazpi hilabetez soilik martxan egon beharrean, horien intentsitatea handiagotu eta epeak murriztu daitezen.
Eskua luzatu diete obren arduradun direnei [udalak, aldundiak, URA Agentziak eta Añarbeko Urak erakundeek elkarlanean egikarituko dute proiektua], eta elkarlana galdegin dute: «Benetan borondatea baldin badago, ageriko egin dadila hori». Pasaiako gobernariek bizilagunen norabide berdinean arraun egin beharko luketela sinetsita daude, «herritarron ahotsa izan».
Dokumentuan jasotzen diren zifren atzean jendea dagoela errepikatzeari ez diote utzi. «Nire ama izututa bizi da hotz garaietan, gasa bukatuko ote zaion beldur», tamaldu da haietako bat.
Oinarrizkoa aseta nahi dute barrutian, ez beste inon, eta ahalik eta azkarren, luze baitaramate zain alde zaharrean.
Bat eginda dago Donibane, «inoiz baino gehiago»; horren isla da bi aste baino gutxiagoan bildu dituzten sinaduren kopurua. Sentimenduez galdetuta, aitzitik, «aspertuta», «kezkatuta», «amorratuta», «asaldatuta» edota «frustraturik» daudela aitor egin dute SOABeko laurek. «Baina ez dira konturatzen, azkenean, sentimendu horiek gehiago indartu eta batzen dutela herria».
«Guztiz onartezin» iritzi dio Eguzkik saneamendu aurreproiektuari
Eguzki erakunde ekologista aurreproiektuaren aurka agertu da jendaurrean. Hainbat sanjuandarren ur beltzak badiara isurtzen jarraitzeak bertako bizidunentzat duen arriskuaz mintzatu da Garikoitz Plazaola taldekidea: «Ondorioetako bat uretan dagoen oxigenoa gutxitzea da, eta horrek izaki bizidun guztiengan du eragina. Hori batzuen biziraupenerako erabakigarria izango da».
Bestetik, ur horiek daroaten «osasun eza» ere aipatu du, zenbait onddo eta bakterio animalien gaixotasunen iturri izan baitaitezke.
Plazaolak adierazi du barrutian «Erdi Aroko eraikin ederrak» kontserbatzea ez dela zuribide garai hartako saneamendua ere mantentzeko. Arazoaren munta ez da hutsala: «Mareekin, eskualdeko herri eta auzoetan barna zabal daitezke hondakinak».