Team A Taldea
Humanitatea bere inozokeriak akabatuko du», ideia iradoki dio Glasgow-eko goi-bileran hartutako erabaki sortak Onintza Enbeita bertsolari eta irrati-solaskideari. Izan ere, inozoa izan behar pentsatzeko planetaren eta gure bizimoduaren martxa zoro hau, dagoeneko atzerabide zaila duena, munduko agintarien erabakietatik kanpo dagoela. Inozokeria baita esku batekin energia iturriak aldatzeko ahaleginean aritzea, beste eskuarekin hazkundea suspertzen ari garen bitartean. Inozoa, desazkunderik gabe —herrialde aberatsena, batez ere—, planetak arnas har dezakeela uste izatea.
Inozokeria masa-hedabide handiek guregan duten eraginak elikatzen du, dudarik gabe. Haiek hezten gaituzten eta haiek modelatzen digute iritzia. Gure iragan hurbilari begiratzea besterik ez dugu.
Pandemia garaian denok bihurtu ginen epidemiologo, intzidentzia metatuetan jakitun, PCR eta txertoetan aditu, eta deseskalatze espezialista. Kanaria uharteetako (Espainia) La Palmako sumendia orroaka hasi zen, eta orduan, pandemiaren gaineko jakintza bazter utzi eta bulkanologo bihurtu ginen. Beste hitz berri andana ikasi genuen: laba, fajana, pirokastiko eta abar. Eta, orain, larrialdi klimatikoan aditu bilakatzeko zorian gaude, erregai-fosilen eta kontsumo globalizatuaren erabileran oinarritutako ekoizpen eta kontsumo eredu hegemonikoek planetako bizitza arriskuan jartzen dutela ulertu nahi edo ezinik.
Hainbeste zarata, ke, su eta mezu apokaliptikoren erdian, hondamendiaren erdian, A Taldea (Team A) agertu da espektakuluaren jendarte honi zaplasteko ederra emateko.
Aitortu behar dizuet La Palmako sumendiaren erupzioaren mendeko bihurtu naizela. Gauero, laba erreka berriak itsasoraino iritsi ote diren zelatan aritzen naiz, zeru gorri haiek begiztatzen, naturak duen indarrak liluratuta.
Nik ere izan nuen labak inguratuta gelditu ziren ehiza-txakurren berri.
Egunetan animalien gainean antolatu zen zirku mediatikoa ikusi genuen: droneak jana eta ura eramateko, enpresen promozioa, erreskate prestaketak, jendea airean edukitzea… Gutxi axola zuten txakurrek! Eta hara, sistema aitzindaria erabili behar zuten droneak prest eta milaka lagun adi-adi zituztela, kamerak enfokatu eta txakurrak falta!
Hainbeste zalapartaren erdian, bizilagun batzuk ehiza-txakurren erreskatea isil-isilik antolatu eta burutu zuten. Beharrezkoak ziren propio Galiziatik ekarritako droneak eta astebeteko planifikazioak? Ttak, sen onak irabazi! Bizilagun ezezagunak etorri eta ehiza-txakurrak salbatu!
Auzo-erreskate anonimoak bere mezua utzi zuen oihal batean letra gorriz idatzia: «Fuerza La Palma/Los perros están bien/A Team».
Ez da taldeak egin duen ekintza bakarra, ordea. Todoque herrian labak irentsi zuen ileapaindegia zabaldu dute La Palmako beste herri batean, herritarrek egin zuten diru bilketa bati esker. A Taldea izan da diru ekarpena egin duenetako bat. Ile-apaindegi berriko horman ere agertu da oihala sinadura gisa, zalantzarik izan ez dadin: «Fuerza La Palma/ La peluqueria de Caroli/ Vuelve a abrir/ A Team».
Orain A Taldea osatzen dutenen bila omen dabil Guardia Zibila. Harrapatzen badituzte hainbat delitu leporatuko dizkiete, tartean desobedientziarena. Zigorrak, gainera, ez omen dira txantxetakoak izango.
Hainbeste zoritxarren artean itxaropen izpi gisakoa izan da A Taldea, eta egin duena administrazioaren eta agintarien zain egon gabe ekintza zuzena izan da. Aginduak desobeditu dituzte baina ehiza-txakurrak salbu daude, eta Carolik bere ile-apaindegiarekin jarraitu ahal izango du.
Berehala etorri zaizkit gogora Giraldillak. Ederra izan zen hura ere, Munduko Atletismo Txapelketan, telebistaz hasiera ekitaldia jarraitzen ari zen munduaren aurrean, bi gazte Giraldillak soinean zituztela eta presoen aldeko ikurrak paparrean, aurkezlearengana hurbildu eta harekin dantzan egitea lortu zuten. Hogei urte joan dira; asko, baina ez gaude okurrentziak sortutako poza ahanzteko.
A Taldearen zale egin naiz, beren hurrengo ekintzaren zain-zain nago. Inozokeriak akabatu behar bagaitu izan dadila A Taldekoen ausardian eta desobedientzian lerrokatuta, eta ez inozokeria mediatikoak irentsita. Biba A Taldea!