Lan baldintza duinen alde borrokan
Borrokan ari dira Okin taldeko Urkabe Benetan enpresako langileak, lan baldintza duinen alde. Masti-Loidi industriagunean dago.
Urkabe Benetan enpresako langileen protesta atzo. Borrokan ari dira Okin taldeko Urkabe Benetan enpresako langileak, lan baldintza duinen alde. Masti-Loidi industriagunean dago. Aste honetan bertan lanuzteak egin dituzte enpresan, atzo eta gaur, eta datorren astean ere aurreikusia dute protestekin jarraitzea bizi duten egoeran aldaketarik ez bada ematen. Horren arabera, astelehen, astearte eta asteazkenean lau ordutako lanuzteak egingo dituzte enpresaren aurrean, eta ostegun eta ostiralean, berriz, grebara deitu dute.
LAB sindikatuko ordezkariek azaldu dutenez, joan den martxoan hasi ziren enpresa hitzarmena negoziatzen enpresa batzordeko kideak (LABeko hiru ordezkari, eta ELAko bi) eta enpresako zuzendaritza. «Uztailera arte izan ginen negoziatzen, eta udara ostean berrartu genuen prozesua. Azaroan, baina, enpresak bere proposamena aurkeztu zuen aurretik adostutako hainbat eduki aldatuta».
Edukietan atzera egiteaz gain, «mehatxu bidez» lan baldintzak prekarizatu nahi izana leporatu diote enpresari, eta horren gaineko hainbat adibide jarri dituzte: «Soldatak izoztu, antzinatasunak murriztu, eta aldi baterako enpresen erabilera kronifikatu nahi ditu».
