Eskola eta auzoa elkarbizitzen jarri ditu udalak, 'auzo bihotzak' sortzen jarraitzeko
Ikastetxe soil izatetik, hezkuntza formalerako azpiegitura eta auzo ekipamendu izatera pasa da Koldo Mitxelena Ikastetxearen Markola eraikina.
Ikastetxe soil izatetik, hezkuntza formalerako azpiegitura eta auzo ekipamendu izatera pasa da Koldo Mitxelena Ikastetxearen Markola eraikina. Gaur egin dute eraikin horren barruan sortutako ekipamendu berrien aurkezpena Aizpea Otaegi alkateak, Itziar Ostolaza Hezkuntza zinegotziak, eta Xabier Sanchez Gazteria zinegotziak, ikastetxeko ordezkariak, eta auzo elkarteko hainbat kidek.
Emaitzarekin gustura denak, eta dagoeneko izaten ari den erabilerarekin ere. Une honetan, Koldo Mitxelena Herri Ikastetxearen Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lerro bat ari da ikasketa prozesua egiten Markola eraikinean Otaegik azaldu duenez, “auzoari zerbitzua ematen dion ikastetxe garrantzitsua da, bertako haurrek auzoan bertan ikasteko aukera daukate, baina horrez gain, garrantzitsua iruditzen zitzaigun auzoan txertatuta dagoen ekipamendu batek auzoari nolabait beste zerbitzu bat eman ahal izatea”.
Horretarako aukerak eskaintzen zituela ekipe¡a,menduak erabaki zuen udalak eta hori horrela, hainbat berrikuntza egin ditu. Alde batetik, ikastetxearen sarrera bera aldatu dute, garai
batean zuen jatorrizko kokapenera itzulita, “irisgarritasun ikuspegitik bestelako egokitasun bat eskaintzen du, baina bestaldetik, auzoari beste irekitasun bat eskaintzen dio”. Sarrera horri aterpea jarri diote, eta atezainari bulego egokia ere. Hortik harago, auzo ekipamendu ikuspegia eman dio udalak eta ludoteka berria sortu bertan, “auzoan zegoen ludoteka hona ekarri dugu eta zegoen tokian eskaintzen ez zituen baldintzak ditu egun. Landu dugu beste auzoetan jada egin dugun ibilbide bera, alegia, ikastetxea auzoan txertatu eta auzotarrei irekitzea”.
Aurreko agintaldian gobernu taldeak hartutako konpromisoak argia ikusi du, beraz, aurten, eta martxan da dagoeneko. Irailean bukatu zituzten lanak eta ordutik dago zabalik espazio berritu hori. Ludotekaren eremuaz gain, gaur egun sarrera jarri dioten lekuan erabili gabeko espazioa ere berritu eta egokitu dute. Otaegik azaldu duenez, ez du eremu berritu horrek erabilera zehatzik, eta auzotarrek nahieran erabiltzeko aukera dute. Biblioteka zaharretik Lekuonarako trasladoa egiteko unean, joan den maiatzean, ikasleak ikasteko lekurik gabe gelditu zirela eta Markola eraikineko espazio hori egokitu zela ikasteko ekarri du gogora alkateak.
Auzo elkarteak balorazio “positiboa” egin du berritutako espazioaren gainean, “oso garrantzitsua da, gure auzoarentzat leku aproposa da eta gure haurrek ikastetxean zein aisialdian bertan moldatzeko espazio berri egokia dute eskura”.
Estalpea agintaldia amaitu aurretik
Espazio goxoa, egokia, irisgarria eta oso txukuna da bertan sortu duena udalak. Hori ez da baina Markola eraikinean aurreikusita dagoen esku hartze bakarra; agintaldi honen barruan estalkia egingo dute Markolako jolastokian, “Kaputxinoetan Cristobal Gamonen egiten ari gara orain, eta hurrengoa Markolakoa izango da. Hobekuntza nabarmena izango da horrekin ere eta Koldo Mitxelena erdiguneko ikastetxearen jolastoki estalia bezala, honakoa ere, herritarrei zabalik izango da. Auzoak estalitako espazioa irabaziko du ekitaldiak egiteko, aisialdirako… hori ere garrantzitsua izango da”.
Agustinak auzoak 3.000 biztanle inguru ditu eta herriko auzorik gazteenetako bat da, Sanchezek eman dituen datuen arabera, “haur-biztanleria proportzio horretan hirugarren auzo gazteenetakoa da Agustinak”.
Ostolazak ludoteken erabilerari erreparatu dio, “Agustinak eta Markolan bi daude eta biak erabiltzaile kopuru oso handia dute, antzeman daiteke inguruan familia gazte asko bizi dela, haurrekin. Egia esan joan den agintaldian aforo arazoak izan genituen Agustinetako ludotekan, erabiltzaile gehiago zeudelako, eta ludoteka berriarekin eskaera guztiari erantzuna emateko aukera izango dugu”. Eskola herriari ireki, eta herria eskolara sartu logikari erreparatu dio Ostolazak ondoren, bide horretan ari dela udala urratsak egiten esan du, “eskola ordutan ikastetxeak izango du lehentasuna espazio berriak erabiltzeko, baina herri hezitzaile ikuspegi batetik eskola irisgarria egitea herritarrei oso urrats inportantea da. Ludoteka bera, eskola beraren ekipamendu izateak ekarriko du eskola honetakoak diren eta beste eskoletakoak diren ume asko elkarrekin espazioa partekatzea”. Urrats horiek egitea oso garrantzitsua da Ostolazaren ustez, “beharrezkoa”.
Auzo-bihotzak
Ekipamendu horiek auzoetan bizitza egon dadin bitarteko gehiago eskaintzen dituzten ideiari ere egin dio tartea Hezkuntza zinegotziak, “pandemiak erakutsi digu adibidez, kultur programazioa deszentralizatzea garrantzitsua dela; halako ekipamendu batek horretarako aukera ematen digu, gutzia erdigunean gertatu ordez, auzoetan ere gertatu daitezen, programatu daitezen ekintzak, udaletik izan edo elkartegintzatik”.
Auzo bihotza terminoa aipatu du Sanchezek: “Agustinetan oso modu naturalean sortu da auzo elkartearen lokaletatik hasiz honaino datorren plaza eta bide sistema bat. Orain bertan, edozein haur jolas daiteke edozein parketan eta ikastetxeko jolastokian ingurune oso seguruan mugituz. Hori auzotarrentzat oso baliabide potentea da”.
“Herri Bizia izatea auzo bizigarriak eraikitzetik hasten da”; ideia horrekin borobildu du gaurko agerraldia Otaegik, “nik uste dut azken urteetan eraiki dela gauzak dezentralizatzeko eta auzoen bizigarritasuna bermatzeko logika bat eraiki da. Orain lantzen ari den HAPOak ere logika hori txertatzen du. Auzo bihotzei buruz hitz egiten dugu, auzo bakoitzak erdigunea bermatuko duen egitura sortzeaz, eta azkenean erdigune bat sortzeak esan nahi du bizitza hortik pasako dela eta bizitza hortik ponpatuko dela auzora”.
Berehala hasiko dira lanak gainera, Agustinak lanbide sortzaileen poloa hartuko duen eraikina berritzeko. Horrek ere auzoan eragin itzela izango duen zalantzarik ez da, “auzoari egun ez duen fluxu bat gehituko dio, baina gainera, Agustinak auzoak espazio oso interesgarri bat irabaziko du. Agustinakek irekia izan nahi du ere, eta eraikinak duen lorategia auzoak gozatzeko espazioa izatea nahi dugu, eta bertan kantina bat egotea aurreikusi dugu auzotarrak eta bisitariak elkartzeko gunea eskainiko duena. Proiektu horrek asko emango dio auzoari eta auzoak ere proiektu handi horri”.
Agustinak proiektuaren obra 2023rako, agintaldi amaierarako bukatuta ez badago oso aurreratuta izango dela esan du Otaegik, “obrak berehala hasiko dira, lanak esleituta daude eta behin hasita ez dute etenik izango”.