Oiartzun ibaiak gainezka egin eta hainbat arazo sortu ditu gauean
Gaur goizean egoera lasaia bada ere Udaltzaingoak HITZAri jakinarazi dionez, bart arratsean itsas gorarekin batera, uholdeak izan ziren herriko hainbat puntutan.
Euri jasa etengabeak izan ditu ondorioak. Gaur goizean egoera lasaia bada ere Udaltzaingoak HITZAri jakinarazi dionez, bart arratsean itsas gorarekin batera, uholdeak izan ziren herriko hainbat puntutan. Udaltzaingoak jakinarazi duenez ez dira larriak izan, ez dute aparteko kalterik eragin eta Foru Palza inguruko kaleak aipatu dituzte kaltetuenen artean. Xenpelar kalean, autoen gurpil erdiraino heldu zen uraren maila. Puntu horretan, estoldek gainezka egin ohi dute, “oraingoan baina ez du egoerak arazo berezirik sortu”, azaldu dute. Haize bolada handiak ere izan dira protagonistak eta edukiontziren batekin arazoak sortu dituzte.
Foru Plaza inguruko merkatariek euri denboraleak beldurrez bizi dituzte uholdeengatik. Atzo beraiengan eragina izan zuen eta Xenpelkar eta Maria Lezo kaleetako bi komertzio eta taberna batean behintzat gora egin zuen urak, eta garbiketa lanetan aritu behar izan zituzten. Rosmi laneko arropa saltzen duen dendako jabea da Cristina Garcia, “beldurrez bizi gara halako eguraldia egiten duenean, urak gainezka egin digulako behin baino gehiagotan. Atzo ez zen gehiegi izan, lehen apaleraino edo heldu zen uraren maila denda barruan, eta generorik ia ez digu kaltetu, zerbait harrapatu badu ere”. Arratsean denda gaineko bizilagun batek, eta autoarekin denda aurretik pasatako bezero batek deitu zuten Garcia dendan ura sartzen ari zela esateko, “dendara etorri eta berehala hasi ginen garbitzen, batez ere gerora uzten duen zikinkeria izan dugu, lokatza-eta. Gaur lehenago zabaldu dut garbitzen jarraitzen eta txukuntzen”.
Bizilagunen jarrera txalotu du Garciak, eta eskertu, “beraiek abisatu gaituzte, eta eskertzekoa da duten jarrera”, hala ere, faltan sumatu du iturri ofizialetatik egindako abisurik egoeraren berri emateko, eta ahalik eta azkarren konponbidea ematen saiatzeko, “duela bi urte uholdeak izan zirenean, gure harremanetarako datuak hartu zituzten halako egoeraren aurrean protokoloa martxan jartzeko. Nik baina, bizilagunen deia baino ez dut jaso dendan ura sartu dela esateko. Egia da, deitu zidan bizilagunak esan zidala urak istant batean egin zuela gora, baina hala ere eskertuko nuke nik behintzat, halakoetan Udaltzaingoak abisua ematea, adibidez”.
La Coquine dendan ere sartu zen ura atzo arratsean, aurreko aldetik, zein atzekotik. Hori ere Xenpelar kalean dago eta gaur goizean oraindik ere kalteak aztertzen ari ziren, “momentuz lurra behintzat erabat bustita dugu, eta ziurrenik handitu egingo da eta aldatu egin beharko dugu. Produktuetan ez dut oraindik ikusi zein kalte eragin dituen”.
Errenkoalde Merkatari eta Ostalarien elkartearekin ere jarri da harremanetan HITZA saltokietan izandako kalteen berri galdetzeko. Bi saltokien zerrendari, bi taberna gehitu dizkio elkarteak: Aker tabernan ere sartu zen ura atzo. Maria Lezo kalean dago kokatuta, eta garbiketa lanetan aritu behar izan zuten, “gaur goizean baina konponduta zuten jada egoera, eta ez dute arazo gehiagorik izan”. Leku Zaharra tabernan ere eragin zituen denboraleak arazoak: haizeak sarrerako toldoa bota zuen, eta tabernaren kanpoaldean, terraza eremuan, ur putzu sakona sortu zuen euriteak.
Gaztaño auzoan ere utzi zuen irudi ezohikoa denboraldiak atzo. Pablo Iglesias kaletik gora doan bidean, biribilgunean pilatutako ura frontoi berritik behera doala erakusten duen bideo helarazi diote HITZAri. Irudiak atzokoak dira. Atzo bertan bertaratu ziren txukuntzera udal langileak auzotarrek jakinarazi dutenez, eta gaur goizean ere urak utzitako lokatza garbitzen aritu dira.
Baserri inguruan ere izan dira kalteak. Gaur goizean Txirrita Maleo poligonoaren atzeko aldean diren baserri inguruan luizia izan da. Nora Barrosok hala jakinarazi du sare sozialen bidez. (Azpiko txioan ikus daiteke irudia). Bertan bizi da Barroso, eta HITZARi azaldu dionez udal teknikoak pasa dira aztertzera, “egia esan beldurgarria da etxe aurrean hau ikustea. Obra handiak edo txikiak, egiten direnean landa eremuetako bizilagun ugari ahaztuak sentitzen gara, kontutan hartu gabe gainetik pasako balira bezala. Honek sortutako ondorioak anitzak dira eta, modu batera edo bestera, guztiok pairatzen ditugu”.
Beraunen ere izan dira arazo batzuk atzo, zein aurreko egunean: zuhaitz baten adarrak bota zituen denboraleak eta garbiketa lanak egiten aritu ziren suhiltzaileak lehenik, eta udal langileak ondoren; eta hostoek estoldak estalita hainbat putzu eragin zituen euriteak Beraun kalean.
Herriko beste puntu batzuk ere izan dira kaltetuak denboraleak ekarritako euriteengatik, eta hala zabaldu dute sare sozialetan herritarrek. Lartzabal auzoko zelaia urez beteta ikus daitekeen argazkiak zabaldu ditu Feli Velazquezek (bere argazkiak dira Fanderia eta Lartzabal arteko bidegorri zatia azaltzen dena urez gainezka, eta Lartzabalgoa), baita Lartzabal eta Fanderia arteko bidegorri zatia ere. Beste argazkian, Madalena kalea Foru Plaza inguruan urez gainezka (argazkia herritar batek zabaldutakoa da).
#Luizia #Errenteria
— Nora Barroso (@axala_n) December 10, 2021
AP1aren bide berria egin zutenean ez zuten ingurua behar bezala kontutan hartu,eraikuntzan arazo mordoa eta bizilagunei kasurik ez. Ordutik ondorioak pairatzen: uholdeak (aurretik ematen ez zirenak) karreteraren ura gaizki bideratzeagatik eta azkena hau 》》 pic.twitter.com/TjKFwX7tPg