Udal aurrekontu proiektuari zuzenketa partzialak aurkeztu dizkio EAJk
1.229.000 euro suposatzen duten zuzenketak aurkeztu dizkio EAJk udal aurrekontu proiektuari.
1.229.000 euro suposatzen duten zuzenketak aurkeztu dizkio EAJk udal aurrekontu proiektuari. Atzo eman zuten erabakiaren berri alderdi jeltzaleko ordezkariek, eta proposamenaren atzean “aurrekontua” hobetzeko asmoa jarri du Elixabete Murua bozeramaileak. Hala, diru poltsa hori gizarte zerbitzuak, hirigintza, ekonomia sustapena, mugikortasuna, trafikoa, segurtasuna, ingurumena edo gazteria arloetara bideratzea eskatu du zuzenketen bidez.
Proiektuan “hainbat gabezia” topatu badituzte ere, beren alderdiak ez duela osoko zuzenketaren aldeko hautua egin azaldu zuen atzoko agerraldian Muruak, “oposizioa egiteko modua, modu eraikitzaile eta arduratsua behar duela ulertzen dugu, Errenteriako udal jarduera gauzatzeko mekanismorik garrantzitsuena balia dadin: udal aurrekontuak”.
Aurkeztutako zuzenketa partzialak “sendoak” direla, eta baliabideak lehentasunezkotzat jotzen dituzten arloetara bideratzeko dela xedea gaineratu du eledunak. Ondoren , horietako batzuk azaldu zituen Muruak. Gizarte zerbitzuekin lotuta haurtzaroan eta nerabezaroan indarkeria ekiditeko prebentzio eta sentsibilizazio kanpaina egitea (35.000 euro); eta gizarte inklusioko baliabideak garatzea (100.000 euro) eskatu dute. Hirigintza arloan, berriz, Gaztañoko igogailua (475.000 euro), Alabergako auzoan parke estalpea egiteko proiektua (19.000 euro). Sutapen ekonomikoaren arloan, merkataritza eta ostalaritzan kontratazioak bultzatzeko laguntzak (150.000 euro), eta herriko merkataritza sustatzeko kanpainak (50.000) eskatu ditu EAJk.
Mugikortasunari lotuta, herriko mugikortasun segurua sustatzeko azterketa (75.000 euro) eta zebra bideak argiztatzeko proiektua (100.000 euro); ingurumenean, auto elektrikoentzako karga puntuen azterketa (100.00 euro); gazterian, azkenik, gazteen emantzipaziorako udal baliabideen birplanteaketa (30.000 euro) eta gazteen adikzio kimiko eta ez kimikoen azterketa (45.000 euro).
Egindako zuzenketen helburua udalerriaren “benetako beharrei” aurre egin behar dien “aurrekontua hobetzea” dela esan zuen amaitzeko.
Udal aurrekontu proiektua zein oposizioko alderdiek aurkeztutako zuzenketak biharko plenoan aztertuko dituzte, 18:30ean hasita.