'Errenteria bertakoa', tokikoa kontsumitzeko kanpaina martxan
Errenteria Bertakoa kanpaina aurkeztu du gaur udalak Errenkoalde elkartearekin batera. Tokiko merkataritza eta tokiko harremanak aitortzea du xede eta Bizi Errenteria programaren barruan kokatuta dago.
Errenteria Bertakoa kanpaina aurkeztu du gaur udalak Errenkoalde elkartearekin batera. Tokiko merkataritza eta tokiko harremanak aitortzea du xede eta Bizi Errenteria programaren barruan kokatuta dago. 2020an artikulatu zen Talka Planaren inguruan sortu dutela kanpaina berria azaldu du Aizpea Otaegi alkateak, “lehendik egiten genuena baino ahalegin handiagoa egiten ari gara tokiko merkataritza eta ehun ekonomikoa sustatzeko, eta hori oinarritzen dugu Bizi Errenteria leloan, finean, guk bizitzeak herri egiten duelako, eta gainera herri bizi”.
Hori guztia partaidetzan oinarritzen dutela gaineratu du agintariak, “guztiok parte hartu dezakegu Errenteria Bizi bat eraikitzeko ahaleginean”. Parte hartze horretan berebiziko garrantzia du Otaegiren esanetan tokiko merkataritzarekin harremana ehuntzea eta eraikitzea, “ez soilik kontsumorako harremana, baizik eta herri ehuna osatzeko ere”.
Kanpainaren barruan erabiliko duten irudia merkatarien eta herritarren artean sortzen den harremana islatzen du, “zein berezia den, aberasgarri eta interesgarria erakusten dute”. Datei ere egin die erreferentzia izan ere Gabonen bueltan kontsumoa ohikoa baino handiagoa izaten da eta horren harira, herritarrak, Errenteria-Oreretako saltokietan erostera deitu ditu, “Errenteriako merkatarien profesionaltasunaz eta harremanak eraikitzeko ahalmenaz gozatzera”.
Lau merkatari aukeratu dituzte eta lau bezero kanpainarako, baina merkatari sare osoaren irudi izango dira eta merkataritza sare osoa ordezkatuko dute.
Maika Martin, Errenkoaldeko presidentea pozik azaldu da udalarekin elkarlanean aritzeko aukera izan dutelako kanpaina berria martxan jartzeko, “merkatariek eskatzen dugun ikusgarritasuna ematera eta egiten dugunaren aitortza egitera dator kanpaina”. Online salmentak, eta saltoki handietatik bereizten dituen tratu pertsonalizatua, zerbitzu ona, informazioa, azalpenak, arta guztia finean jarri du lehen lerroan Martinek, hori egiten baitu berezi eta bakar tokiko merkataritzak. Balio horiek lehen lerroan jarriko dituzte kanpainaren bidez, “ikusgarritasuna pertsonei emanez, saltzaile eta bezeroei zehazki”.
Pandemia heldu zenetik udaletik Bizi Errenteria programaren barruan abiatutako iniziatibekin esker bezero kopuruan alderik sumatu duten, jende gehiago gerturatzen den tokiko saltokietara galdetuta, “neurri batean bai nabaritu dugu, eta konfinamendu ostean nabarmenagoa izan da. Arrastoa utzi du, eta garai batean merkataritza gune batera joango ziren pertsonak gurera etortzen direla herriko saltokietara erostea. Egindako esfortzu bateratu guztia nabaritzen dela esango nuke, eta kontzientzia handiagoa dagoela tokiko merkataritzarekiko eta duen esanahiak. Bertan kontsumituta, herrian inbertitzen delako, eta urrats hauek horretarako laguntzen dute”.
Pandemiaren kalteak alde batera utzita, asko izan direla, alde positiboak ere utzi ditu Martinen ustez, “jende bati balio izan dio ezagutzeko bertan zeuden dendak eta eskaintzen dituzten zerbitzuak, aurretik ezagutzen ez zituztenak”.
Mezua argia herritarrei udaletik, alderdi guztietako ordezkariek lagundu dutelako Otaegi aurkezpenean, “herrian, tokiko saltokietan erosi”, finean tokiko komertzioa gakoa delako ere, herri bizia bermatzeko.