Emakumeok Mugimenduan, jarduera fisikoa areagotzeko iniziatiba
Iniziatiba Gipuzkoako 20 herrietara helduko da, tartean, Errenteria-Oreretara gaur, eta Pasaiara ostiralean.
Emakumeok Mugimenduan iniziatiba aurkeztuko dute gaur Errenteria-Oreretan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Sailak jarri du martxan emakumea eta kirola programaren barruan. Iniziatiba Gipuzkoako 20 herrietara helduko da, tartean, Errenteria-Oreretara gaur, eta Pasaiara ostiralean.
Hainbat ekintza antolatu dituzte iniziatibaren barruan emakumeen artean jarduera fisikoa areagotzeko. Horietako bat Emakumeok Mugimenduan Erronka Digital Solidarioa da. munduari bira egiteko 40.000 kilometro batzea du helburua eta Gipuzkoatik abiatuta, meridianoa zeharkatu eta Gipuzkoara itzuliko dira atzera, “mundua hankaz gora jarri eta gure gizartea hausnarketara gonbidatzeko”.
Erronkaren bidez lortutako kilometroekin emakumeen ahalduntzea sustatzen duten hiru erakunde lagunduko dituzte; urtarrila erdialdean jakinaraziko dituzte erakundeen izenak.
Erronka solidarioan parte hartzeko izen ematea zabalik da. Parte hartzeko Kinendu aplikazioa deskargatu eta erronkan izena eman behar da. Une horretatik aurrera bere mugimendua erregistratu ahalko du norberak eta urtarrilaren 1etik 28ra batuko dira kilometroak. Oinez, korrika, dantzan, igerian, pedalei eraginez, bakarka edo taldean, kiroldegietan, kalean, naturan batu daitezke kilometroak, “mugimendu orok batzen du”.
Datuak ere eman dituzte iniziatibaren sustatzaileek. Hala, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera gomendagarria da astean, gutxienez, 150-300 minutuz egitea jarduera fisikoa. EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko ikerlariek Gipuzkoako 18-64 urte arteko emakumeen aisialdiko jarduera fisikoa eta kirol ohiturak aztertzeko ikerketa egin dute, eta Gipuzkoako 4.000 emakumeren erantzunak hartu dituzte kontuan.
Gipuzkoako hiru emakumeetatik 1 ez da aktiboa, astean 120 minutu baino gutxiagoz egiten baitute kirola. Gehiengoa herri txikietan bizi da, eta 30-49 urte artean dituzte. Ikerketak ateratako beste ondorioetako bat: asko ama dira. Ez aktibo izatearen atzean dauden muga eta oztopoak ere identifikatu dituzte ikerketa horretan: estereotipoak, fisiko zein estetikoak, beldurrak, kirol gaitasun eta intentsitateari lotutako sinismenak, denbora falta, interes falta, ezagutza falta, edo bidelagun falta.
Emakumeok Mugimenduan iniziatibaren aurkezpena gaur egingo dute Errenteria-Oreretan, 10:30etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara Txita ibiltariaren eskutik. Helburua, “emakumeak ahalduntzeko sortu da iniziatiba, emakume orok mugimendu bat egitea du helburu, norbanakoaren jarrera aktiboa piztuz eta askoren jarrera aktiboak batuz”.