Amazonen kontrako kanpaina egingo dute Txerri Egunean
Orri banaketa egingo dute Egin Irri, Izan Herri asanbladako kideek Madalensoro inguruan, "Amazon ongi etorria ez dela" salatzeko
Larunbateko (hilak 18) Txerri Eguna probestu nahi du Egin Irri, Izan Herri asanblada irekiak Amazonen kontrako kanpaina egiteko. Orri banaketa bat egingo dute Madalensoro inguruan, postu bat ere jarriko dutela aurreratu dute, bisualki adierazteko “Amazon ez dela ongi etorria”.
Kontsumorako joera handia dagoen egun hauetan Amazon Oiartzunera datorrela eta “honek sortuko dituen kalteak” salatuko dituzte larunbatean, “eragin handia izango baitu gure denda txikien eta bertako ekoizpenaren alorrean”.
Bide batez, “bertako ekonomia sustatzeko” asmoz herriko komertzioetan opariak erostera gonbidatu dituzte herritarrak, “Amazon bezalako multinazional erraldoiak alde batera utziz”.