[Erreportajea] Kale gorrian, baina senide artean
Etxegabeen maskotei oinarrizko osasun arreta emateaz arduratzen da Beti Lagun programa. Kale egoeran dauden pertsonekin esku hartzeaz gain, familiaren paradigman eragin nahi du egitasmoak.
Espezie ezberdinek osatutako familiak ohikoak bihurtu dira Euskal Herriko etxeetan. Umeen jaiotze tasek etengabe behera egiten duten bitartean, euren egunerokoa maskotekin partekatzen dutenen kopurua haziz joan da urtetik urtera. Espezieen arteko familiek etxebizitzarik ez dutenean, are garrantzitsuagoa bihurtzen da lotura.
Etxegabeen maskotei oinarrizko arreta sanitarioa emateaz arduratzen da Gipuzkoan Beti Lagun programa. Etxegabetasuna pairatzen duten pertsonekin gizarte eta hezkuntza esku hartzea egiteko baliatzen dute aukera, halaber, programan parte hartzen dutenek. Donostiako Udalak abiatutako parte hartze prozesu batean sortutako egitasmoa da, eta urtarriletik dago Gipuzkoa osoan martxan. Guztira, zazpi udalerrik eta hamabi albaitaritza klinikak parte hartzen dute laguntza egitasmoan. Horietatik guztietatik lau Oarso Bidasoan daude.
Lotura Giza Garapena kooperatibak bultzatzen du Beti Lagun programa. Gizarte zerbitzuekin elkarlanean identifikatzen dituzte animaliak dituzten etxegabeak, eta ondoren, modu boluntarioan parte hartzen duten albaitaritza klinikekin harremanetan jartzen dira. Nadir Gutierrez egitasmoko teknikariak txakurren oinarrizko osasun arta betetzeaz arduratzen direla zehaztu du: «Gure hitzarmenak txakurren oinarrizko behar sanitarioak asetzen ditu, maskota horiek animalien inguruko udal ordenantzak bete ditzaten, besteen artean, txipa, kartilla edota txertoak. Hortik aurrera bestelako salbuespenak sortzen badira Gipuzkoako Albaitarien Legezko Elkarte Gorenak esku hartu eta koordinatzen du kasua». Albaitarien elkargoa proiektuaren «bizkarrezurra» dela onartu du Gutierrezek, eta haien parte hartzeari «ezinbestekoa» iritzi dio. Elkargoarekin hitzarmena sinatuta protokoloa sortu zutela gehitu du, eta era horretan, dena «sistematizatzea» lortu zuten.
Gizarte baliabideak
Bide Lagun programa Euskal Herrian aitzindaria da. Animalien babeserako lan egiten duen Bartzelonako Faada elkarteak abiatutako esperientzia du oinarri, eta gaur-gaurkoz, ez dagoela antzekorik Euskal Herrian ziurtatu du. Ildo horretan, albaitarien garrantziaz gain, udaletako gizarte zerbitzuek ezinbesteko rola betetzen dutela azaldu du. Animaliei oinarrizko arta emateaz gain, etxegabeen artean gizarteratze baliabideak ezagutarazten dituzte, baita haiek lagundu edo bestelako programetara birbideratu ere. Gutierrezek erantsi duenez, programa diseinatuta dago beste erreferente sozialek egindako lana «osatu» edo «sostengatzeko». Zentzu horretan, emandako datuen arabera, Donostiaz gain, Errenteria-Oreretako eta Irungo udalek eskaintzen dituzte gizarte baliabide gehien lurralde osoan.
Etxegabetasunaz mintzatzean argi utzi nahi izan du teknikariak zer-nolako egoeran dauden pertsona horiek: «Okupak izan daitezke, txokoren batean egon, edo aterpetxeren zein larrialdietarako etxebizitzaren bateko erabiltzaileak izan. Ulertu behar dugu udal administrazioek kudeatutako baliabideetan ez dutela animaliarik onartzen, nahiz eta jakin badakigu hainbat lekutan salbuespenak egiten dituztela».
Etxegabeek pairatutako sentimenduetako bat «bakardadea» dela adierazi du teknikariak, «gogorrenetakoa», eta hortaz, maskota bat izateak laguntza ematen diela. «Euren bizitzak partekatzen dituzte, txakurrak beti hor daude, eta horrek segurtasuna ematen die. Are: senide bat dira haientzat. Hori dela eta, paradigma aldaketa bultzatzea ere bilatzen du programak, errealitatean, espezie ezberdinek osatutako familiak baitira», argudiatu du. Lotura hori «positibo» eta «onuragarri» jo du Gutierrezek.
Sarean parte hartzen duten bestelako boluntarioak ere daudela esplikatu du teknikariak. Esaterako, osasun arazoak edo bestelako arrazoiak medio etxegabeak ezin direnean euren txakurrez arduratu, harrera etxe gisa funtzionatzen duten hainbat boluntariorekin ere lan egiten dute, baita animalien errausketa bere gain hartzen duen enpresa batekin ere. Azken kasu horretan azpimarra jarri du teknikariak, txakur bat erraustea «oso-oso garestia» baita.
Oarso Bidasoa
Hondarribiko Sokoa albaitaritza klinikak, Irungo Eluk eta Amaitak, eta Oiartzungo Mendiburuk parte hartzen dute Beti Lagun programan Oarso Bidasoan. «Lauzpabost» txakur artatu dituzte orain arte Mendiburun, Teresa Uribe klinikako arduradunetako batek azaldu duenez. «Prebentzioan lagundu dugu orain arte bereziki, identifikazioan, eta txertoetan. Horrez gain, kasuren batean patologia zehatzen bat izan, eta tratamendua behar duen baten bat ere ekarri digute, baita otitisa edo uzkiko guruinetan infekzioa zutenak ere», kontatu du.
Hasieratik ari da Mendiburu albaitaritza klinika egitasmoan parte hartzen. Elkargotik gonbidapena jaso zutenetik euren hondar aletxoa jartzea begi onez ikusi zuten. Animalien «ongizategatik» egiten dutela esan du arduradunak, nahiz eta baliabideak eta denbora haiek jarri. «Gizarte-bazterketa egoera larrian dauden pertsonentzat animaliak oso garrantzitsuak dira, eta beraiek ezin dituzte gastuak bere gain hartu. Etxegabetasun egoeran daudenei sostengua ematen diela uste dugu», gaineratu du.
Gainontzeko klinikekin hitz egin nahi izan du Oarso Bidasoko HITZA-k, baina agenda arazoak medio ez dute euren esperientzia partekatu.
Amarauna ehunduz
Beti Lagun programa urtarril hasieran abiatu zenetik 30 erabiltzailek parte hartu dute egitasmoan, eta 45 txakur artatu dituzte hainbat albaitaritza kliniketan. Horren aurretik, hala ere, profesionalekin saio bat antolatu zuten programaren bultzatzaileek «aurreiritziak» eta «hizkera baztertzailea» jorratzeko. Sentsibilizazio lana izan zela onartu du Gutierrezek, gizarte-bazterketa «dimentsio askoko» gaia baita.
Gizarte zerbitzuetara jotzeko ezarritako baldintzak, bestalde, gaurkotzen joatea nahi dute bultzatzaileek, eta erakunde publikoekin elkarlanean ari dira horretarako. Izan ere, etxegabeak bitan baztertuak direla uste du teknikariak: «Etxegabe izateagatik, batetik; eta maskota medio baliabideetara sarbidea ukatzen zaielako, bestetik».
Egoera iraultzen joateko aukerak badaudela demostratzen ari da Beti Lagun programa, baina erakunde publikoen, profesionalen, eta herritarren inplikazioa ezinbestekoa da horretarako. Egitasmoan parte hartu nahi duten lagunek kooperatibaren webgunearen bitartez harremanetan jar daitezke teknikariarekin. Amarauna ehuntzen jarraitzeko prest daude.