[Elkarrizketa] «Sinestezina iruditzen zait, laino batean nago»
83.000 partaideren artetik azkarrena eta jakintsuena dela erakutsi du Erik Gartziak ‘Egunean behin’ lehiaketako zortzigarren denboraldia irabazita. Lehiaketan hasi zenetik zuen «amets txikia» bete duela dio HITZA-ko kazetariak.
Egunean Behin lehiaketako zortzigarren denboraldian parte hartu duzuen 83.000 lagunen artetik azkarrena eta jakintsuena izan zara.
Amets txiki bat zen hasi nintzenetik. Behin baino gehiagotan egon nahiz lehenengoa sailkapenean, baina oso efimeroki, eta besteren batean ere astea irabazteko zorian izan naiz. Ez dut inoiz irabazi asterik, baina diesel martxan egote horrek saria eduki du azkenean, denboraldia irabazi dut, sari hobea da hori. Pozik nago. Jende askok idatzi dit, eta laino batean nago, sinestezina iruditzen zait.
ETB1n jokatuko duzu finala zuzenean, bihar, Biba Egunean Behin saioan [asteazkenean elkarrizketatu zuen HITZA-k eta atzo izan zen finala]. Zer espero duzu?
80.000 pertsonaren kontra arituko naiz [barrez]. Egunean behin lehiaketan egiten dudana egitea izango da, baina telebistan eta nire konfort eremutik kanpo. Ez dut ezer espero, egin dut egin beharrekoa.
Euskal Herria eta mundua ezagutzen dituzula argi gelditu da. Zein da trukoa?
Jende askok galdetu izan dit Twitterren zein tranpa egiten dudan. Tranpa txiki bat egiten dut, Eurovisionen zerrenda beti dudalako aurrean, hori ikastea oso zaila da ez bazara oso frikia. Trukoa zein den? Hiru urte nituela ikasi nuen nire kabuz, dirudienez, irakurtzen, eta ordutik egunkaria eta pixkanaka nire eskutan erori diren aldizkari, komiki eta horrelakoak irakurtzen ditut. Interneten ere prentsa asko irakurri dut, ez hainbeste historia liburuak. Google Street View nire aplikazio gogokoenetako bat da [barrez]. Belaki bat bezala xurgatuta zerbaitetarako balio izan du horrek, prozesu baten emaitza da. Superstizioak izan ditut: erloju digital guztietako kapikuak ukitu beharra, partida jokatzea Seaskaren egutegian eguna aldatu ondoren, eta beti musika jarrita, gehienetan Fabrizio de Andreren Canzone dell’ amore perduto. Jakinduriak bezain besteko pisua du, bestalde, intuizioak.
Saria nori eskainiko diozu?
Askotan nire bikotekideak aguantatu behar izan ditu nire urduritasunak, beraz, berari. Jon Iriberriri: egunero egon da bere partidak jokatzen eta ia egunero esaten zidan desinstalatuko zuela haserre zegoelako; eta zoriondu nauten guztiei. 2019ko abenduaren 5ean lehenengo aldiz lehen postuan egon nintzen ordu pare batez. Gogoan dut, Sindikato tabernara joan eta jende guztia txaloka hasi zela. Hori aldatu zen gerora, Lau Haizetarak taldea sortu, eta sariak banatzen hasi zenean… Txalo horiek mehatxu, irain eta abar bihurtu ziren.
Jarraituko duzu, noski, parte hartzen.
Agian erretiratuko naiz, nork daki! Ea Errenteriako Udalak harrera egiten didan [barrez].