Kultur Malutak programa aurkeztu du udalak Eguberritako oporretarako
Abenduaren erdialdetik urtarrilaren erdialdera, ekimen ezberdinak antolatzeaz gain, udalak euren berri emateko webgunea ireki du ere.
Kultur Malutak lelopean, abenduaren erdialdetik urtarrilaren erdialdera luzatuko den kultur programa zabala aurkeztu du Udalak gaur goizean, prentsaurreko bidez. Itziar Ostolaza eta Hezkuntza eta Hizkuntza politiken Zinegotziak eta Maite Gartzia Kultura Zinegotziak egitarauak orotariko ekimenak barnebiltzen dituela azaldu dute. Artean, musikaz, dantzaz, antzerkiaz zein tailerrez gozatzeko aukera edukiko dute herritarrek. Gainera, energia jasangarria kontuan hartuta, Beraun, Iztieta eta erdiguneko kaleetan musika eta argiztapen berezia jarriko dute.
Dena den, herritarrek kultur eskaintza jasotzeaz gain, zinegotzien arabera berauen segurtasuna bermatzea ere helburuetako bat izango da. Hori dela eta, espazio itxietan izango diren ekimenetan COVID ziurtagiria eskatuko diete hamabi urtetik gorako herritarrei.
Olentzero eta Mari Domingi eta Errege Magoen harrerak
Prentsaurrekoan adierazi dutenaren arabera, pandemiaren bilakaera dela eta, bertan behera gelditu dira Olentzero eta Mari Domingi zein Errege Magoen kaleko desfileak. Ez ordea, udalak harrerak antolatu ditu, eta bertan haurrek beraiekin hitz egin, gutuna eman eta argazkia ateratzeko aukera izango dute. Lehena Merkatuzarren izango da abenduaren 23an, osteguna, arratsaldeko 16:00tatik 21:00etara. Txanda eskatzeko aukera gaurtik aurrera egongo da, Kultur Malutak-en web orrian. Bigarrena aldiz, urtarrilaren 5ean, asteazkena, izango da; arratsaldeko 16:00tatik 21:00etara Merkatuzarren ere. Errege Magoen harrerarako txanda hartzeko aukera abenduaren 27an aktibatuko dute.
Leiho digitala
Ekintza hauen guztien berri emateko leiho digitala sortu dute. Bertan, horrela, ekintza guztien berri emango da, izen-emateak egingo dira, sarrerak salgai jarriko dira edo gonbidapenak eskuratzeko aukera egongo da, besteak beste. Bestetik, lehio digitalean bai Olentzero eta Mari Domingiri bai Errege Magoei mezu pertsonalizatua eskatzeko aukera egongo da, haurrei zuzendutakoa. Ekimen honek iaz arrakasta handia eduki zuen eta horregatik, gaurtik aurrera Olentzero eta Mari Domingiri eskatu ahalko zaie; hilaren 27tik aurrera Errege Magoei. Modu berean, haiei idazteko gutunak eskuragarri egongo dira web orrian.
Hortaz gain, webgunean eskuragarri dago ere Xenpelar Bertso Eskolako haurrek 2021 urteari jarritako bertso sorten grabazioa. Herri Arte Eskolako ikasleek jarri diete musika bertsoei.
Kultur Malutak egitasmoaren informazio osoa eskuratzeko, baita antolatu dituzten ekimen guztien berri izateko ere, egin klik hemen.