[Erreportajea] Kale Nagusiko iturria, arrain begiarekin betikotua
Alfredo Sanjuanena da 2022rako Lezoko Udalak egin duen egutegiaren azal nagusiko argazkia. Kale Nagusiko iturria du irudiak erdi-erdian, arrain begiko objektibo batekin jasota.
130 argazki baino gehiagoren artean onena Alfredo Sanjuanena izan da. Alegia, Lezoko Udalak 2022ko egutegia osatzeko egin duen argazki lehiaketaren irabazlea 52 urteko lezoarrak egindako irudia izan da, Fuente nocturna [Gaueko iturria] izenekoa. Beraz, herriko sukalde, egongela, bulego, saltoki edo toki publikoetan jarrita egongo den 2022ko 365 egunen zerrendaren azala Kale Nagusiko iturri argiztatua izango da. Harro dago horregatik egilea.
Lanbidez informatikaria da Sanjuan, baina badira 40 urte argazkilaritza afizio duela. Argazki lehiaketetara noizbehinka aurkezten dela azaldu du, baina gehienbat ureko eta ur azpiko argazkiak ateratzen dituela zehaztu. Edonola ere, azken boladan lurrazaleko irudiak ere biltzen ibiltzen da.
«Garbi nuen: gustuko
argazki bat atera nahi banuen, izkina horretakoa izan behar zuen»
Urpekaritza argazkilaritzan esperientzia izatea, argazki irabazlearen berezitasunaren seinale da. Izan ere, itsasoko argazkietan erabiltzen den arrain begi objektiboa erabili zuen Kale Nagusiko gaueko argazkia ateratzeko. Biribilki antzeko baten barruan dago kalearen zati bat, eta iturria. «Epaimahaiak, uste dut, nire argazkiaren originaltasuna edo besteekiko berezitasuna saritu duela. Arrain begi objektiboa erabili nuen, urpeko argazkietan erabiltzen dena maiz. Lurrazaleko uneak hartzeko ez da oso erabilia izaten objektibo hori. Atentzioa eman du irudiari eman diodan trataerak», zehaztu du egileak.
Sari nagusia bakarrik ez. Hamabi finalisten artean —2022ko hilabete bakoitzeko irudi izango dira—, Sanjuanek jasotako beste une bat dago, Kale Nagusikoa hura ere bai. «Azalean bakarrik ez. Azaroan finalista izan den nire beste irudi bat joango da. Poztekoa da nire lana hainbeste gustatu izana».
Toki kutuna
Sanjuanek adierazi du maiz ibiltzen dela Kale Nagusitik aurrera eta atzera. Bereziki gogoko izaten du gauez duen itxura, zehazki iturriaren inguru horretan dagoen argitasuna. «Garbi nuen: gustuko argazki bat atera nahi banuen, izkina horretakoa izan behar zuen. Tripodea jarri, eta esposizio luzeko argazkia atera nuen. Oso gustura gelditu nintzen». Toki kutuna da harentzat Kale Nagusiko hori.
Bidaiatzea, eta horietan kamerarekin bizitza zatiak hartzea gustuko du Sanjuanek. Gainera, Donibanen dagoen Buceo Donostiko kide da, «18 urte daramatzat urpekaritzan. Mundutik bidaiatu dut, beti urpeko argazkiak jasotzen».