Martxan da argiaren fakturei aurre egiteko Bonu Soziala
Oarsoaldeko Energiaren Bulegoak %70era arteko laguntza emango die argiaren faktura ordaintzeko zailtasunak dituzten familiei.
Oarsoaldeako Energiaren Bulegoak kalteberatasun energetikoa murrizteko Bonu Soziala du martxan, argiaren fakturei aurre egiteko zailtasunak dituzten familiei laguntzeko. Horrez gain, doako aholkularitza publikoa ere eskaintzen die herritarrei, egoera horri aurre egiteko dauden tresnei buruzko informazioa eskainiz.
Orain arte, bonu horrek argiaren fakturaren %25eko laguntza ematen zien kontsumitzaileei, eta %40koa “kaltebera larritzat” jotzen zituztenei. Bada, azaro honetatik 2022ko martxoaren 21era arte, ehuneko horiek %60 eta %70era igoko dira, hurrenez hurren, argiaren prezioaren igoerari aurre egiteko.
Bonuen onuradun izan daitezkeenak, oro har, errenta hauek dituztenak dira.
- Adin txikikoak ez dituzten familiak: 11.279,39 euro.
- Adingabeko batekin: 15.039,18 euro.
- Adingabeko birekin: 18.798,98 euro.
- Aurreko paragrafoan azaltzen direnak baino 3.760 euro gehiagoko errenta dutenak egoera bereziak baldin badituzte, besteak beste, %33tik gorako desgaitasuna, indarkeria matxista jasan duten familiak, Maila II edo IIIko menpekotasuna duten pertsonak, Guraso bakarreko familiak, familia ugariak eta pentsiodunak.
Oarsoaldeko Energiaren Bulegotik dei egin diete Bonu Sozial honen onuradun izan daitezkeen lagun guztiei haiekin harremanetan jar daitezen posta elektroniko bidez edo 943 34 41 60 telefonoan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak finantzatzen duen laguntzaren eskaera hilaren 31 baino lehen egin behar da.
Eskaintzarik onartu aurretik
Horrez gain, Oarsoaldeko Energia Bulegotik azken asteetan elektrizitatea merkaturatzen duten hainbat enpresen eskaintzekin jasotzen ari diren deien berri eman nahi izan diete herritarrei: “Gomendatzen dugu eskaintzarik ez onartzea aldez aurretik kontratua jaso eta zehatz-mehatz aztertu arte. Horretarako, gure bulegoko teknikariekin ere jar zaitezkete harremanetan”.