"Ez dago baldintza nahikorik Santomas egunik ospatzeko"
Osasun egoerak ez duela aukerarik ematen Santomas Eguna antolatzeko ondorioztatuta, bigarrenez bertan behera gelditu da azoka, Santomas batzordeak arduraz, hala erabakita.
Ez du osasun egoerak aukerarik ematen Santomas Eguna eta erreferentea den azoka egiteko. Hala ondorioztatu du Santomas batzordeak, arduraz, hausnarketa eginda. Honakoak Xenpelar AEK sona handiko azoka antolatzen hasi zeneko 35. ekitaldia izango zen, iaz ere huts egin baitzuen pandemia dela eta. Ilusio handiz jakinarazi zuten egin-egingo zutela duela hilabete inguru, eta ilusio berarekin ekin zioten lanari, baina bigarrenez, ezinezkoa izango da.
Santomas jai batzordeak gutun baten bidez jakinarazi du azoka bertan behera uztera eraman duten arrazoiak, hori bainoago, egungo egoeraren irakurketa zorrotz bezain kritikoa egin du idatzi horretan. Herria eta herritarrak erantzukizunez jokatzen ari diren bitartean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako politikoek bestera ari direla salatu du, “herritarrongan ari dira zamatzen errudun sentimendua, pertsona xumeengan uzten ardura nagusia, eta gu ari gara erakusten osasunarekiko konpromiso maila. Alabaina, kontziente gara ez dela hori aipatutako ordezkari politiko horien lehentasuna”.
Santomas Batzordearen gutuna hitzez hitz, ondokoa:
Orereta-Errenteriako herritar maiteak:
Gehienok ezagutzen bagaituzue ere, San Tomas Batzordea osatzen dugun eragileak gara: herritar xumeak guztiak. Elkarte, erakunde edo talde baten ordezkariak gaituzue, baita norbanakoak ere. Adin guztietakoak, gainera: 17 urteko gaztetxoetatik hasi eta 70 urtetik gorako pentsionisteetaraino. Emakumezkoak nahiz gizonezkoak. Jakin ezazue urteak daramatzagula gutako askok abenduaren 21eko solstizio eguna antolatzen, eta gazteenak izan ohi dira hasi berriak -ikasturte amaierako bidaiarako sosa batzuk atera nahian batu direnak-. Ikasleak, langabetuak, langileak, jubilatuak… Oreretarrak jaiotzez, edo ondoren bertaratutakoak udalerrira. Eta helburu bakar batek batzen gaitu: San Tomas jai paregabea eskaintzea Orereta-Errenteria herriari. Egiten ditugu, horretarako, hainbat bilera -izan Merkatuzarren, izan Xenpelar Etxean, izan elkarte gastronomiko batean-. Batzen gara gune zabalean; eta batzen gara, halaber, azpitaldeetan. Eta guztiok dugu hitza eta iritzia, guztiok erabakitzeko eskubidea edozein dela proposamena.Bada, horixe bera egikaritzeko elkartu ginen orain bi hilabete, ohi baino geroago izan arren. Denbora luzea generaman aurrez aurre elkar ikusi gabe, ditxosozko pandemia tarteko. Aldiz, bageunden ilusioz beterik, aukerak ikusten baikenituen azkenekoz 2019. urtean antolatutako egunaren ondorengoa prestatzen hasteko. Bagenituen hainbat zalantza, herdoilduta geunden-eta jaiaren antolaketan: Nola egiten genuen hau? Eta beste hori? galdetzen genion elkarri hainbatetan. Lasai, jasoa dago-eta balantze-txostenean genioen guztiok. Eta heldu genion, jarraian, gai- zerrendako hurrengo puntuari, arrakastatsua nahi baikenuen Xenpelar AEK euskaltegiak sortu zuen 35. San Tomas eguna -aurtengoa zatekeena-, nahiz gogoratu 34.a ezin izan genuela aurrera atera. Berretsi genituen, nola ez, hastapeneko irizpideak: herrigintzan sinisten dugula eta koordinazioa, elkarlana eta talde-lanean aritzeak batzen gaituela, beste behin ere. Errespetua da, noski, horren guztiaren ardatza: norbanakoarekikoa, animaliekikoa, parez parekoarekikoa. Baita ardura ere, jakina.
Hortaz, arduratsu jokatu dugu oraingo honetan. Bai, guk, Santomas batzordekideok, herritarrok. Ondorioztatu dugu ez dagoela baldintza nahikorik San Tomas egunik ospatzeko, ez baitu osasun-egoerak aukerarik ematen horretarako. Ondorioz, zeharo penaturik, jakinarazi nahi diogu Orereta-Errenteria herriari 2021ean ere ez dugula San Tomas egunik egingo. Bigarren urtez, ez dugu ospatuko guztiok egutegian zein oroimenean gordetzen dugun eguna: maite dugunekin elkartzeko, kalean gozatzeko, txistorra jateko, taloak dastatzeko, barazkiak erosteko, mihura hartzeko etxea atontzeko, bertsoak entzuteko, muxikoak dantzatzeko, etxean gordeta dauden edalontzi birziklagarriak berreskuratzeko, herri kiroletakoak animatzeko, trikitilariak kaleetan barna jarraitzeko, pregoia barneratzeko…
Dena den, jakinarazi nahi diogu herriari geu ari garela erantzukizunez jokatzen, ez beste askoren antzera. Eta baliatu nahi dugu honako idatzia Erkidegoko arduradun politikoei geure iritzia helarazteko. Izan ere, herritarrongan ari dira horiek zamatzen “errudun” sentimendua, pertsona xumeengan uzten ardura nagusia. Baina ez gara borreroak. Badakigu zeintzuk diren lehentasunak; eta badakigu, halaber, arduraz jokatzen nahiz hausnartzen. Eta gu ari gara erakusten osasunarekiko konpromiso-maila, jakitun baikara horixe dela arduratzen gaituena. Gaur, atzo, bihar eta beti. Alabaina, kontziente gara ez dela hori arestian aipaturiko ordezkari politiko horien lehentasuna. Arduragabekeria deritzogu jokabide horri. Ondo baitakigu urteak eta urteak daramatzatela osasungintzan murrizketak egiten. Hori eta “oinarrizko zerbitzuak pribatu bihurtzea”. Ondorioz, horrela iritsi gara bizitzen ari garen egoerara: ezin artatu oinarrizko osasun-zerbitzurik. Doakizuela, beraz, gure kritikarik sendoena.
Herritarrei, bestela, adierazi nahi dizuegu abenduaren 21ean txerririk, baserritarrik, artisaurik… ez duzuela izango plazetan. Hala ere, saia zaitezte elkarrekin eta elkarrenganako zaintza berresten, natura zaintzen, ingurumena… Horrela, bat egin Orereta-Errenteriako San Tomas Batzordeak helarazten dizkizuen baloreekin: konpromisoa, kontsumo orekatua, garaian garaikoa izatea, O kilometrokoa, auzolana… eta euskalduna. Izan ere erabili, hitz egin, euskal hitzekin transmititu mezua.
Besterik gabe, gure erabakia aintzat hartuko duzuelakoan, jaso ezazue gure agurrik beroena. Ohartarazi, era berean, elkartzen jarraituko dugula, ez baitiegu uko egiten gure konpromisoei. Adeitasunez.
Orereta-Errenteriako San Tomas Batzordea 2021eko abendua