Gabon arratsa egungo neurriei egokituta girotuko dute San Pedron
Ez dute, ohi bezala, Mari Domingi eta Olentzerori harrera egiteko kalejirarik egingo. Ordez, barrutia zeharkatuko dute kantu eta jolasekin.
Aurten ez diete Mari Domingi eta Olentzerori ongietorri kalejirarik egingo San Pedron, barrutiko jai batzordeak “pilaketak ekiditeko asmoz” hala erabakita. Gabon arratsa bestela girotuko dute, ordea.
18:00etan elkartuko dira sanpedrotarrak herriko plazan. Haurrek taldeak egingo dituzte eta Mari Domingi eta Olentzerok gustukoen dituzten jakiak jasotzera joango dira herrian zehar (intxaurrak, gazta, arrautzak…).
Horretarako prestatutako pistei jarraitu beharko diete eta kaleetan barna Gabon abestiak abestu. “Aurten gogo berezia jarriko dugu San Pedroko Zahar egoitzaren kanpoaldean”, aitortu dute, “egoiliarrek haurren kantuak barrutik ere entzun ditzaten”.
Behin froga guztiak beteta eta jaki guztiak bilduta, plazan egongo den zakuan utziko dituzte haurrek beren eskutitzak eta musikak lagunduta zain geratuko dira bizilagunak, “ea gai garen San Pedroko mendi gainetan Olentzero eta Mari Domingiren ibilbidea ikusteko”.
Aurretik aipatu den janari bilketan jasotakoa San Pedroko Jokin Amundarain tutoretzapeko etxebizitzetan bizi diren lagunen artean banatuko dira gero.