EMKEren urte berriko kontzertua, ostegunean
Koldo Mitxelenako aterpeak jasoko du Errenteriako Musika Kultur Elkartearen bandaren urteko lehen emanaldia, 12:30ean hasita.
Errenteriako Musika Kultur Elkartearen (EMKE) bandaren urte berriko kontzertua ostegunean (hilaren 6an) izango da. 12:30ean hasiko da 2022ari ongi etorri musikala egiteko ekitaldia, Koldo Mitxelena ikastetxeko estalkiaren babespean. Aitor Mitxelena Rubiok zuzenduko du musikari taldea.
Berezitasun bat izango du emanaldiak. Luis Mari Moreno Pirata musikari errenteriarraren 50 años no es nada obra jasoko dute saioan, hain zuzen, Piratak haren gurasoen urrezko ezteien harira egindakoa. Aurretik, Hans Zimmer eta John Williams konpositoreen soinu banden aukeraketa batekin ekingo dio kontzertuari EMKEren bandak, “Erromako koliseotik Eskoziako High Land magikoetara eramango gaituztenak”.
2022a, mamitsu
EMKEk iragarri du urte berria egitasmoz beteko dutela, “kultura eskaintzeko gure herritarrei”. Hasi berri den aroaren aurrerapen gisara, bandako kideek azaldu dute maila goreneko kontzertuak dituztela esku artean, “talde profesionalen mailan jarriko gaituztenak”. Horien artean nabarmendu dituzte ekainean Lekuona Fabrikan egitekoa duten Carmina Burana (Donostiako Orfeoiarekin batera, haien 125. urteurrenean), edo Gure Bakarlariak zikloaren barruan Euskadiko Orkestrako Oscar Abellan tuba jotzailea izango dela bandarekin batera. “Azken finean goi mailako denboraldia izango da, desiratutako normaltasunaren atarikoa izatea espero duguna”.