Topoa lurperatzeko informazio prozesua hilabete honetan hasiko da
Izaskun Gomez alkatea Iñaki Arriola Garraio sailburuarekin bilduko da, topoaren zubibidea "ahalik eta epe laburrenean" eraitsi dadin eskatzeko.
Pasaiako alkate Izaskun Gomezek hilabete honetan topoaren lurperatzeagatik “jendaurreko informazio prozesu bat” abiaraziko duela berretsi du. Eusko Trenbide Sareko teknikariek antxotarrei obren inguruko xehetasunak eman, zalantzak argitu eta bizilagunen iradokizunak jasoko dituztela aitortu du udalburuak.
Horrekin lotuta, Pasaiako alkatea Iñaki Arriola Garraio sailburuarekin bilduko da datorren asteartean (hilak 11), Altza eta Galtzaraborda arteko trenbide-saihesbidearen obren hainbat alderdi aztertzeko. Aurreratu dutenaren arabera, bilkura horretan “obren garapen plana errepasatuko” dute.
Besteak beste, barrutia zeharkatzen duen zubibidea eraisteko aurreikusiriko epeez mintzatuko dira; alkateak garraio sailburuari helaraziko dio lehenbailehen bota behar dela azpiegitura, “barrera horrek eragin handia baitu bizilagunen bizi kalitatean”. Sinetsita agertu da Gomez sailburuak bat egingo duelakoan premia hori babesten: “Konfiantza dut Arriola sailburuak hori konpontzeko sentiberatasuna izango duelakoan”.