Azken igandeko ordu txikietan igaroko da Korrika Pasaiatik
Apirilaren 10ean Donostian emango dituzte euskalduntzearen aldeko azken urratsak. Aurretik, Pasaiako lau barrutiak zeharkatuko ditu Korrikak.
Gaur goizean atera ditu argitara 22. Korrikaren antolakuntzak martxoaren 31tik apirilaren 10era Amurriotik (Araba) Donostiara Euskal Herria zeharkatuko duen ibilbidearen detaileak. Azken eguneko (igandea) goizaldean sartuko dira korrikalariak Pasaian, 04:32an; Donibanetik Antxora lau barrutiak zeharkatuta, 05:30a pasata utziko dute udalerria.
Lezo atzean utzita, Donibane hartuko du euskararen aldeko martxak lehendabizi; Santiago plazako ontziralekutik itsasoz eramango dute lekukoa San Pedrora, bigarren barrutia parez pare zeharkatzeko gero, Albaolatik Ondartxo pasealekua hartu eta, Esnabide kalea Euskadi etorbidea bihurtzen denean tipi-tapa Trintxerpera helduko direlarik. Bakarra faltako zaie orduan: Antxo. Portuko Zeharbidetik helduko dira bertara, Buenavista pasa eta Eskalantegi kaletik sartzeko barrutira; anbulatoriora heltzean, Hamarretxetara bira egin eta, hura zeharkatuta, Nafarroa hiribidearekin egingo dute alde.
AEKren euskararen aldeko lasterketa ordu batzuk geroago bukatuko da Gipuzkoako hiriburuan, 09:05ean sartuko delarik Donostiako Alde Zaharrera, 12:30ean egiteko amaiera ekitaldia. Horrekin bukatuko da martxoan Araban hasiriko martxa. Ibilbidea, osorik, hemen kontsulta daiteke.