Apirilaren 10eko goizaldea, Korrikari harrera egiteko eguna Errenteria-Oreretan
Apirilaren 10eko goizaldeko 03:44an iritsiko da Korrika Errenteria-Oreretara, Oiartzundik. Herriko lehen Korrika Batzordea hilaren 27an da.
22. Korrikaren antolakuntzak gaur jakinarazi du ibilbide zehatza. Bada, Errenteria-Oreretara apirilaren 10eko 03:44an iritsiko dela zehaztu dute. Beraz, gautxorientzako edo goiz-goiz esnatzeko ohitura dutenentzako erronka izango da AEKren iniziatiba erraldoiarekin bat egitearena.
Errenteria-Oreretara Oiartzundik (03:09an iritsiko da hara) etorriko da 22. Korrika. Behin herria zeharkatuta Lezo aldera egingo du bidea, eta handik Donibanera. Badia zeharkatu, eta San Pedro, Trintxerpe eta Antxo pasatu ondoren, herrian izango da berriz ere Korrika 05:34an, bertatik Astigarragarako bidea hartzeko.
Donostian bukatuko da Korrika apirilaren 10ean bertan; 09:05an da Gipuzkoako hiriburura iristekoa, eta 12:30ean da bukaerako ekitaldia.
Korrikaren gainekoak prestatzen hasteko lehen Korrika Batzordea hilaren 27an (osteguna) egingo dute, Xenpelar AEKn.