"Gogotsu" ekin dio Pasaia Kayakek denboraldiaurreari
Iragan igandean Bidasoa ibaiko uretan jokaturiko probara hamabost ordezkari eraman zituen marea urdinak. Hainbat domina ekarri dituzte etxera.
Joan den igande arratsaldean Bidasoko uretara lekualdatu ziren Pasaia Kayakeko hamabost palista, Euskadiko Piraguismo Federazioak antolatutako ur lasaietako denboraldiaurreko proba ofizial bakarrera. Garaipenik lortu ez eta birusak hainbat baja eragin bazizkien ere, “gogotsu” aritu ziren pasaitarrak Irunen, Txema Yarza presidenteak adierazi duenez.
4.600 metroko distantzia bete behar izan zuten kategoria guztietako parte hartzaileek. Zenbait zilar erdietsi zituzten pasaitarrek, Ion Carballok lehena gizonezko seniorren kategoria nagusian, eta Laura Zunzunegi pasaitarrak beste bat, 23 urtez azpikoen kategorian. Azken palista horren jarraian sailkatu zen Maika Terroso pasaitarra halaber, hirugarren, hain zuzen.
Kadete kategorian, brontze bat ekarri zuen etxera Maialen Vitoria altzatarrak, eta beteranoen maila eraberrituan Iñaki Fernandezek hurrengo zilarra eskuratu zuen, bigarren sailkatuz podiumean, Lazkano irabazle zumaiarrarengandik 21 segundora.
Asebete agertu da Yarza gainerako kirolariek lorturiko emaitzak ere kontuan hartuta, eta aurrera begira jarri da: “Orain, ahal dela, buru-belarri prestatuko dituzte hurrengo hilabetean jokatuko diren lurraldeko txapelketak”.