Udalak gizarte taldeei zuzendutako ingurumeneko diru laguntza deialdia argitaratu du
Errenteriako Udaleko ingurumen sailak gizarte taldeei bideratutako dirulaguntzak atera ditu eragileek herriko iraunkortasunean parte hartze aktiboa izan dezaten. Eskaerak aurkezteko epea otsailaren 5ean amaitzen da.
Errenteriako Udaleko ingurumen sailak iraunkortasun, ingurumen eta landa-garapenaren inguruko ekintzak gauzatzeko dirulaguntza deialdia argitaratu du. Eskaerak aurkezteko epea otsailaren 5ean amaituko da. Dirulaguntza horiek eskatzeko aukera izango dute irabazi asmorik ez duten entitate, elkarte, erakunde eta sozietate guztiek, baldin eta burutuko duten ingurumen jarduera Errenterian garatuko badute. Dirulaguntza hauen bitartez, ingurumena hobetzeaz gain, herriko eragileek Errenteriako iraunkortasunean parte hartze aktiboa izan dezaten bilatzen du udalak.
Ondorengoak dira dirulaguntzen bidez lagunduko diren jarduerak: Dibulgazio kanpainak, jardunaldiak, tailerrak eta azterlanak antolatzea; bioaniztasun, energia, hondakin, kutsadura, landa-garapen alorreko proiektuak eta ekintzen garapenak aurrera eramatea; eta herritarren parte hartzea, iraunkortasunezko garapena ezartzea eta Tokiko Agenda 2030eko helburuak eta bere ekintza plana sustatzen dituzten jarduerak egitea.
Dirulaguntza horiek eskatzeko, interesdunek aurrez aurre egin dezakete udaletxeko ZU! Arreta Zerbitzuan. Astelehenetan 07:30etik 14:00etara; asteazken eta ostiraletan 07:30etik 15:00etara; eta astearte eta ostegunetan 07:30etik 19:00etara. Arratsaldean joateko hitzordua hartzea beharrezkoa da, goizean berriz, aukerazkoa da.
Postaz ere bidali daitezke eskaerak. ZU! Arreta zerbitzuan edo posta bulegoetan utzi daiteke hurrengo helbidearekin: Herriko Plaza z/g. 20100 Errenteria.
Internet bidez ere egin daiteke eskaerak, baina telefonoz ezin dira eskatu. Dena den, 943 44 96 00 // 010 telefonora dei daiteke argibide gehiago behar izanez gero.