Artisauentzako 6.000 euroko beka kaleratu du Oarsoaldeak
Eskualdeko garapen agentziak prestakuntza intentsibo espezializatua eskainiko du artisautza arloan, Berpiztu ATB programaren bidez.
Oarsoaldea Garapen Agentziak laguntza lerro espezifiko bat abiarazi du artisautza arloan dihardutenen proiektuei bultzada emateko. Berpiztu ATB iniziatibaren bidez, euren ofizioa bizimodu bihurtu nahi dutenei prestakuntza intentsibo espezializatua eskainiko diete, 6.000 euroko beka, eta inkubagailuan 3 hilabeteko doako egonaldia.
Eusko Jaurlaritzak finantzatutako laguntza artisau “tradizional” nahiz “artistiko eta digitalei” zuzenduta dagoela azaldu dute. Horren baitan, orientazioa eskaini nahi diete artisautzan lan egiten dutenei, dela sortu berri duten proiektu batean, edota lankidetzan aritu nahi badute ere, bitxigintzako, modako, ilustrazioko, marrazketako eta abarretako saiakeretan.
Lehenengo fasea taldeko prestakuntza fase intentsiboa izango da, eta Berpiztu ATBk 10-15 emakume eta gizon hautatuko ditu parte hartzen duten pertsona guztien artetik. Proiektu guztien artean bi hautatuko dituzte gero, eta horiek beka bana jasoko dute, beren proiektuan beste hiru hilabetez lanean jarraitu ahal izateko.
Datorren asteartean, hilak 25, 10:30ean tailer bat egingo dute programa zertan datzan azaltzeko Habian! inkubagailuan (Torrekua eraikina z/g, Errenteria). Izena 943 49 41 29 telefonora deituta eman daiteke, edota posta elektronikora mezua bidalita.