'El hilo invisible', OzZinemaren proposamen berria
OzZinemak Jonny Greenwood musikariaren omenean antolaturiko zikloko lehen filma da 'El hilo invisible'. Asteartean ikusi ahal izango da Niessen zinema aretoetan, 19:30ean.
Jonny Greenwood izango da urte zinematografikoko protagonistetako bat, eta harekin hasiko du OzZinemak 2022ko zikloa. Musikari eta konpositore ingelesa Radiohead rock taldeko kide gisa ezagutarazi zen, baina bakarka musika esperimentala eta musika klasiko garaikidea konposatzen ditu. OzZinemak arlo horretan jarriko du fokua ‘Music by Jonny Greenwood’ zikloan hautatu diren hiru filmekin. Hiruetako lehena, Grrenwooden lan ezagun, saritu eta ospetsuenetako batekin hasten da. Paul Andersonen zuzendaritzapean, azken hamarkadako maisulan handienetako batekin dator OzZinema: ‘El hilo invisible’.
Reynolds Woodcock moda-sortzaile famatua Britainia Handiko modaren munduko begirada guztien jomugan dago. Bere bizitzatik orotariko emakumeak pasatzen dira, eta inspirazioa eman eta konpainia egiten diote, Alma gaztearekin gurutzatzen den arte; izan ere, laster haren musa eta maitale bihurtuko da, eta maitasunak hankaz gora jarriko du bere bizitza, ordura arte bere jostura-patroi guztiak bezala kontrolatua eta planifikatua zegoena.
‘El hilo invisible’ datorren asteartean ikusi ahal izango da, hilak 25, 19:30ean Niessen zinema aretoetan. Sarrerak hiru bidetatik eskuratu ahal izango dira lau euroko prezioan: sarrerak.errenteria.eus webgunean, Lekuona Fabrikan eta Niessen Kulturguneko leihatilan saioa baino ordu bete lehenago.
Jonny Greenwooden inguruko zikloak otsailaren 15ean jarraituko du ‘El poder del perro’ filmarekin, eta martxoaren 15ean itxiko da ‘En realidad nunca estuve aquí’ pelikularekin.