Euskal Planisferioaz tailerrak Oarsoaldeko euskaltegietan
Mintzagun egitasmoko tailerren baitan, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik Euskal Planisferioaren inguruko saioak antolatu dira Oarsoaldeko sei euskaltegietan.
Errenteriako Udal Euskaltegia. Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia Saileko Virginia Garcia zuzendariak Euskal Herriko zeru gainean bistan izaten ditugun izarrak bereizteko eta ezagutzeko tailerrak egiten ari da Oarsoaldeko euskaltegietako ikasleekin. Aranzadiko kidea ‘Elkano. Euskal Planisferioa’ izeneko tailerrak ematen ari da sei euskaltegietan Mintzagun programaren baitan.
Ikasturtero sei gai jorratzen dira Oarsoaldeko Euskara Batzordearen Mintzagun egitasmoko tailerretan. Gai bakoitzarekin ordu eta erdiko iraupena duen tailer bana egiten da eskualdeko sei euskaltegietan. Saio horien helburua da euskara ikasten ari diren ikasle horiei gai berritzaileak eta gaurkotasunekoak hurbiltzea, ikus dezaten edozein gai euskaraz landu daitekeela eta ikasleek ez dutela arazo berezirik hizlariak azaltzen duena ulertzeko.
Saioak martxan dira jada, eta Pasaiako Udal Euskaltegian, Lezoko Oroitzene AEKn, Pasai Antxoko Txirrita AEKn eta Errenteriako Udal Euskaltegian dagoeneko egin dituzte tailerrak. Gaur arratsaldean, 15:00etatik 16:30era Errenteriako Xenpelar AEK Euskaltegiak hartuko du lekukoa, eta egitasmoa datorren ostegunean, hilak 27, amaituko da Oiartzungo Intxixu AEKn, goizeko saioan, 9:30etik 11:00etara.
