Lezoko eragileen babesa jaso du AHTaren kontrako mozioak
Mozioa hilaren 27ko udalbatzarrean aztertuko dute Lezoko hamahiru zinegotziek. Plenoa hasiko den orduan elkarretaratzea egingo dute udaletxearen atarian.
Oarsoaldeko AHT Gelditu taldearen ekimenez, abiadura handiko trena (AHT) hizpide duen mozioa aztertuko dute Lezoko Udaleko hamahiru zinegotziek datorren asteko udalbatzarrean. Hilaren 27an da zehazki zinegotzien osoko bilkura, 19:00etan; ordu horretan elkarretaratzera deitu dute, udaletxearen atarian. Lezoko eragile askok bat egin dute mozioan jasota dauden argudioekin.
Zehazki, AHTaren Astigarraga-Lezo merkantzien trazatu azkarraren kontrakotasuna azalduta dago mozioaren mamian. Hamar kilometrokoa da merkantzia trenentzako bakarrik izango litzatekeen bide berria. Hala, testuan jasota dago “zentzurik ez” duela ehunka kilometro dituen trenaren azpiegituran hamar kilometroko horiek bakarrik izatea abiadura azkarrean ibiliko diren merkantzia trenentzat. Gainera, kostuaren gaineko gogoeta egiten dute: 500 milioi euroko obra da. “Diru hori bidera al daiteke beharrezkoa ez den azpiegitura horretarako, beste premia batzuen kaltetan?”. Hala, Lezon, Oiartzunen eta Errenteriako udalerrien lurretan kalte nabarmenak eragingo lituzkeela trazatuak iritzi diote mozioaren aurkezleek, eta aldi berean, portuarekiko lotura (hiru kilometrokoa) ez zela eraginkorra izango.
Beraz, mozioaren bidez Lezoko zinegotziek, beraz udalak, hiru eskaera onartzea da deitzaileen asmoa: Espainiako Gobernuko dagokion ministerioari eskatzea AHTaren merkantzien bide horren espedientea geldiaraz dezala; trazatu horri uko egin diezaiola ministerio horrek; eta hirugarrena honakoa da: “Udalak azkar jardun dezala baldin eta trazadura horrekin zerikusia duten obrak udalerrian egin izanaren berri badu. Nahitaezko udal lizentziarik ez badute geldiarazi behar dira”.
Lezoko honako talde eta eragileen babesa du mozioak: Lezoko Emakume Taldea, Iratzerri, Xoxolur Mendi Kluba, Piztu Lezo, Tiñelu elkartea, Lezoko Badian Bizi, Txerrimuño, Lurraren Orena eta Larraka Baratza kontsumo taldeak, Lezoko Zinema Ttikia, Zuhaitzen Lagunak, Etxetxo eta Lobato Etxea. Eskualde izaerako eragileek bat egin dute AHTaren trazatu horren kontrakotasunarekin, tartean direla Duintasuna Pentsiodunen Elkartea, Bilgune eta Asanblada feministak, herrietako gazte asanbladak, Oarso Taldea, Eguzki eta Ekologistak Martxan taldeak. Ondoko sindikatuek onespena du aldi berean iniziatibak: ELA, ESK, LAB, CGT, CNT, STEEILAS.
Aldi berean, Lezon landuko duten mozioa aurretik Oiartzungo eta Errenteriako udalbatzarretan eztabaidatu dute, eta aurrera atera dira, baita Astigarragan ere.