PSE-EEk udalerriaren susperraldi ekonomikoa bultzatu nahi du
Talde sozialistak azaldu du COVID-19 funtsetik Errenteriak jasoko dituen 1.3 milioi euroak "udalerriaren susperraldi ekonomikoa sustatuko duten neurriak" hartzeko izan behar direla.
Gipuzkoako Foru Aldundiak COVID-19 funtsetik 25.1 milioi euro jasoko ditu Estatutik Gipuzkoako udaletxeen artean banatzeko. Horietatik 1.3 milioi euro inguru Errenteriarentzat izango dira, eta Isaac Palencia Errenteriako udaletxeko talde sozialistako bozeramaileak zehaztu du “Estatutik jasotako 1.3 milioi euroak udalerriaren susperraldi ekonomikora bideratu” behar direla.
Palenciak dio “pandemiak bideratutako salbuespenezko egoera bat” bizitzen ari garela eta batez ere “familia eta eta enpresa txiki eta ertainei” eragiten ari diela COVID-19ak sortutako egoerak. Hori dela eta, esfortzu handienak “udalerriaren susperraldi ekonomikoa” sustatzera bideratu behar direla eutsi du bozeramaileak, esanez “funts hauek oso garrantzitsuak” direla eskualderako zein udalerrirako. Palenciaren hitzetan, udaletxea da “jendeak jotzen duen lehen atea oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dituelako”, hortaz, funts horiek ahalik eta hobekien “aprobetxatu behar dira udalerriko susperraldi ekonomikoari berme handiagoarekin aurre egiteko”.
Talde sozialistatik berretsi dute pandemiak sortutako “galera ekonomikoak” udalaren “inplikazio eta esfortzu handiagoa” eskatzen duela, “jarduera ekonomikoa sustatuko duten neurri berriak” onartu ahal izateko. Orain arteko irtenbideak “petatxuak” baino ez direla izan azpimarratu dute sozialistek, horregatik, “egungo eta etorkizuneko beharretara egokitutako susperraldi ekonomikoa bultzatzeko zenbait neurri proposatu” zituzten, “ukatuak” izan zirenak. Neurrietako batzuk honakoak dira: merkataritza eta ostalaritza sustatzea; enpresa txiki eta ertainak laguntzea; iraupen luzeko langabeei bideratutako formakuntza planak areagotzea; liburu dendetan eta beste ekintzetan gastatzeko kultura bonuak sustatzea; eta ekintzailetza eta digitalizazioa sustatuko duten politikak aurrera eramatea.
Horrez gain, susperraldirako laguntzak “soilik hirigune historikoan ez zentratzea” eskatzen du Palenciak, “udalerri osora” zabal daitezen. Sozialistek diote euren proposamenek, “etxebizitzen errehabilitazioaz gain, efizientzia energetikoa eta klima aldaketaren aurkako borroka” sustatzen dutela, “familiek dirua aurrezten eta udalerriko gremioen jarduerak bultzatzen” laguntzen dutenak.