Sortzen 25 urte bete dituela ospatzeko disko hirukoitza kaleratu du Zurutuzak
Sergio Zurutuza sanpedrotarrak disko bilduma hirukoitza kaleratu du 'Ezinbesteko kaos baten irudimena' izenpean. Bi formatutan jarriko du eskuragarri.
Sergio Zurutuza konpositore sanpedrotarrak disko bilduma hirukoitza atera du argitara, sortzaile gisa bete dituen 25 urteak omentzeko. Ezinbesteko kaos baten irudimena izenburua jarri dio konpilazioari.
Hiru CD horietan guztira 43 abesti bildu ditu, kolaboratzaile bereziekin; kasu, Donostiako Orfeoia, Goiargi Abesbatza, Et Incarnatus Orkestra edota Olatz Isasa, Esteban Vallin eta Jesus Valenzuela belako artisten ahotsak.
Obra formatu fisiko nahiz digitalean jarriko du eskura Zurutuzak. Lehenari dagokionez, ohartarazi du 75 ale saldu dituela dagoeneko, eta beste 25 besterik ez daudela eskuragarri jada. Formatu digitala otsailaren 22tik aurrera entzun ahal izango da Spotify, iTunes, Tidal, Amazon Music, Deezer eta beste hainbat plataformatan. Musikariak aurreratu du sorpresak topatuko dituztela entzuleek azken formatu horretan.