Lezo-Jaizkibel ezagutzeko topaketa, igandean
Hamalau kilometroko ibilbidea ezagutzeko aukera izango dute hala nahi duten guztiek. Gurutze Santuaren plazan bilduko dira, 09:30ean.
Otsailaren 20an egingo dute Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketaren zortzigarren ekitaldia. Bertako antolatzaileek ohitura dute aurrez topaketa bat egiteko, partaideek edo hala nahi dutenek ibilbidean bertan prestaketa egiteko, edo besterik gabe zirkuitua ezagutzeko. Igandean (hilaren 23an) egingo dute aurtengo irteera, 09:30ean Gurutze Santuaren plazan hasita. Deialdi irekia da.
Bestalde, jakina da aitaren batean agortu egin zirela urtarrilaren 1ean lasterketako 350 dortsalak. Beraz, antolatzaileek jakinarazi dute itxarote zerrenda zabaldu dutela Kirolprobak plataformaren webgunean. Esan dutenez, azken urteetako joera izan da dortsala zuten hainbatek horri uko egin behar izatea hainbat arrazoigatik, eta itxaron zerrendako kide dezentek lortu izan dutela lasterketan egotea.