Izotza
Badago auto erabiltzaileek neguan soilik sumatzen duten arazo bat. Urtero gertatuagatik, hiru hilabetez eta toki zehatz batzuetan soilik gogoratzen duten arazo bat: goizeko zazpietan, lanera presaka joan behar duzunean, autoaren aurrealde izoztua.
Amonari galdetuta, Googlen begiratuta edota kuadrillako WhatsApp taldean botata, hamaika erantzun topatuko ditugu goizean goiz izotza kentzeko, eta guztiek definitzen dute gutxi edo gehiago gure izatea. Izotz-kentzaile motak:
1. Auto barruan sartu, berogailua piztu eta bertan itxaroten duen jende asko dago. Irratian entzutearekin batera mugikorrean irakurtzen dituzte goizeko lehen albisteak (ia beti antzekoak dira). Ez dute bereziki presarik izaten, itxarotea da hotzari aurre egiteko beraien bidea.
2. Autoko kristalari ura goitik behera botatzen diotenetakoena da multzorik handiena. Autoko motorra piztu, etxetik ekarritako litro eta erdiko botila hustu eta parabrisak dantzan jartzen dituzte hauek. Gehienek ez dute aski ur izaten kristal osorako, gidariaren aldea garbitzearekin konformatzen dira. Erremedio ona izan daiteke, hotz handia egiten duenean salbu. Orduan ura bota orduko izozten da berriro, eta lehendabiziko jende motaren eredura jo behar izaten dute.
3. Eguna, astea eta hilabetea ere plangintzatuta izaten dute hirugarren multzokoek. Jakiten dute noiz datorren izotza, eta aurreko gauean kartoia bildu edota manta zahar batekin estalirik uzten dute autoko kristala. Goizean, hau kendu eta hurrengo egunerako jaso, besterik ez. Aurreko egunean erritual honetan luzatzeak, goizeko lo orduak ematen dizkielakoan, aurreikuspenez jokatzen dute.
4. Azken nobedadeen berri izaten dute gutxi batzuek. Guztiaren erantzuna Googlen dagoela uste dutenek uste dute arazo guztiei aurre egiteko produkturen bat Amazonen existitzen dela. Esprai moduko gas edota likidoren bat izaten dute autoko maleteroan. Eta aski izaten dute bi minutuz hauts edo haize magikoa botatzea arazoari aurre egiteko. Ordaindu eta besteren batek konpontzen die arazoa.
5. Eskola zaharrekoak dira bosgarren multzokoak. Oraindik autoan CDak erabiltzen (edo behintzat jasotzen) dituztenak dira. Goizeko zazpietan, diskoren baten azal zahar bat atera eta kristalaren aurka izotza kentzen dutenak dira. Nostalgiko fama izaten dute askok, baina Spotify bidez ezin da izotzik kendu.
6. Gutxiengoen taldea da hau, geroz eta gutxiago dira, desagertze arriskuan dagoen espeziea ote gurean? Goizean ez dute korrika ibili behar izaten autoari izotza kentzeko, ez dute aurreko egunean zein eguraldi egingo duen begiratu beharrik izaten. Garajea dutenak dira. Berdin du hotz edo bero, ekaitz edo eguzki, txingor edo xirimiri. Beraien autoa beti salbu, eta beraiek lehor.
Eta badago arazo hau ez duenik ere. Izotza autotik kentzeko eredurik ez dutenak, autorik ez dutelako; eta ziurrenik beste arazo batzuk dituztelako (edo ez).
Pertsona mota adina izotz-kentzaile mota daude, eta gu ere egunaren baitan, bizi-etaparen baitan, mota batekoak edota bestekoak bihurtzen gara. Autoari hotzarekin gertatu gisara, guri ere izotz kapak sortzen zaizkigu batzuetan. Bihurtzen gara hotzak, eta barrura
begiratzeko kendu behar izaten dugu kapa hori, modu batera edo bestera. Norberak gure izotz kapa eta gure izotz-kentzaile teknika propioa dugu.