Lezoko kirol guneetako langileak: "Egoera jasanezina bihurtzen ari da"
2014tik ez da berritu herriko kirol guneetako esleipen kontratua. Langileek 2012tik daramate soldata igoerarik gabe. Kirol eraikinen egoerarekin ere kezka azaldu dute.
Lezoko kirol guneetako langileek (Bekoerrota kiroldegia eta Altzate igerilekua) kezkaz bizi dute bizi duten egoera, eta jendartera zabaldu dute ezinegona. “Azkeneko urte hauetan oso baldintza txarretan lan egiten ari garela jakinarazi nahi dizuegu, eta egoera jasanezina bihurtzen ari da hainbat arrazoirengatik”, esan dute. Jendarteari oro har, eta guneen erabiltzaileei bizi duten egoeraren berri mena diete hainbat bitartekoren bidez.
Langileek zehaztu dute herriko kirol instalazioen azken kontratazio publiko lehiaketa 2014an esleitu zela, eta 2018n tokatzen zela hori berritzea. Lezoko Udalak ez du hori egin. “Jokabide horrek BPXport enpresaren menpe lan egitera kondenatu gaitu, inolako hobekuntzarik gabe, eta gure baldintzak etengabe okertuz”.
Baldintza horietan sakonduz, kiroldegietako langileek adierazi dute 2012tik izoztuta dituztela soldatak, “bizitzaren garestitze ahalmenaren %14,3 galdu dugu” Gainera, langileen lan baldintzen artean aldeak daudela jakinarazi dute bi hitzarmen ezberdin aplikatzen zaizkielako, kasu batzuetan lanpostu berdina duten bi lankidek soldata ezberdina dutelarik. Alta, kontratuetako lan orduak murriztu dizkietela salatu dute langileek, gutxiago kobratuz, “baina lan zama berberarekin jarraituz”. Soldatak kobratzeko garaian atzerapenak izan dituztela esan dute.
Horri guztiari irtenbidea emateko proposamena badute langileek: Lezoko kirol eraikinetako lankideek lan hitzarmen propioa izatea. “Gutxieneko hobekuntzak nahi ditugu Gipuzkoako titularitate publikoko kirol instalazioetako hitzarmen berria argitaratu arte. Hilabeteak daramatzagu lan hitzarmen propioa negoziatu nahian, baina saiatu garen guztietan udalak eta enpresak beti beste alde batera begiratu dute. Ez dituzte gure eskaerak inoiz lehenetsi”.
Hein berean, herriko kirol instalazio horien egoeraren gaineko kezka ere badute langileek, “utzikerian” daudela esan dute: “Inolako osasun bermerik gabe daude: itoginak, hezetasuna, hotza, soinua… Udalak eta enpresak ez dute inbertsiorik egiten, egoerari ez diote inolako irtenbiderik ematen”.