Topoaren lanak aurkezteko informazio saioa, otsailaren 9an
Eusko Trenbide Sareko teknikariek azalduko dituzte lurperatze obren nondik-norakoak, Izaskun Gomez alkateak gidaturiko bileran.
Pasaiako Udalak aditzera eman du datorren otsailaren 9an (asteazkena), Antxoko topoa lurperatzeko proiektuari buruzko informazio saioa eskainiko dutela Eusko Trenbide Sareko (ETS) teknikariek, Izaskun Gomez alkateak gidaturiko aurkezpenean.
Proiektuaren garapenaren arduradun den entitateko teknikariek Altza eta Galtzaraborda arteko obrei buruzko “informazio zehatza” emango dutela iragarri dute. Horrez gain, material grafikoz osaturiko erakusketa bat ere jarriko dute ikusgai kultur etxean bertan, otsailaren bukaerara arte. Material hori udalaren webgunean ere argitaratuko dute.
Otsailaren 9ko informazio jardunaldira bertaratu ahal izateko, aldez aurretik izena eman beharko da Pasaiako Udalaren web orrian; arduradunen arabera, gaurko eguneko azken orduan edo bihar goizean ahalbidetuko da atarian aukera hori. Saioa zuzenean online ere jarraitu ahal izango da.